Iskibi kanpineko arduradunek –Joxepa, Dabid eta Joseba– goi mailako azken agurra eman nahi diote aurtengo denboraldiari. Horretarako, ekitaldiz betetako Euskal Jaia antolatu dute hurrengo iganderako, hilak 21, eta musika gau ederra hilak 27 larunbaterako.
13:00etako Umore Ona Koroaren kantadiak emanen dio hasiera igandeko Euskal Jaiari. Ondotik, herri kirolak izanen dira Goizueta eta Oiartzungo bi talderen arteko lehiarekin. Hauek bukatutakoan talo jateari ekinen zaio. Lau jaki ezberdinez beteta jan ahal izanen da taloa.
Bazkalondotik toka txapelketa eginen da, eta 18:00etatik aurrera, erromeria Bide Batez trikitixa taldearen eskutik. Dultzaineroak eta txalapartariek ere joko dute egunean zehar. Bazkariari buruz, esan, txartelak Amaiarenean daudela, edo egon direla, salgai.
Larunbata 27an, Desoreka rock talde ezagunaren kontzertua antolatu dute 23:00etarako. Aritz Sound System DJaren emanaldiak emanen diote bukaera gauari eta Iskibiko aurtengo denboraldiari.