Aresotik barna lehen mendi martxa eginen da igandean

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 12a

18 kilometroko ibilbidea izanen da eta mendizaleak 8:00etan abiatuko dira

Aresoko Udalak, Plazaola Partzuergo Turistikoak eta Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberriko Kirol Mankomunitateak igande honetan, irailaren 14an, Aresotik barna lehen mendi martxa eginen da. Partehartzaileak goizeko 8:00etan abiatuko dira Aresoko plazatik eta izen ematea, aurrez egin ez dutenentzat, goizeko 7:00etatik 7:45era irekiko da eta 5 euro ordaindu beharko dira.

18 kilometro

Ibilbideari dagokionez, Aresotik abiatuta 867 metroko altueran dagoen Ulizar gainera joko dute, urteagan barna pasatuta; Ulizartik, Pagozelai aldera jeitsiko dira mendizaleak, lehenik Merkuzelaitik pasatuta; berriz ere gorako bidea izango dute, ibilaldi honetako kaxkorik garaienera, 955 metrora dagoen Guratz edo Lau Mugarrietara joko baitute. Hortik, mantso-mantso Aresoko plazara itzuliko dira, Urtezar pasatuta. Guzira 18 kilometroko ibilaldia izanen da, zailtasun ertainekoa. Antolatzaileek proba ez dela konpetitiboa gogorarazi nahi dute eta lau edo bost orduz egin daitekeela.

Luntxa, opariak eta zozketak

Ibilaldiaren ondotik, luntxa banatuko zaie partehartzaileei, opariak banatuko dira eta zozketak ere eginen dira. Informazio gehiago nahi duenak 948 604545 telefonora deitu edo kirolmank@gmail.com helbide elektronikora idatz dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun