Leitzako geltokia berritzeko lanak laster hasiko dituela iragarri du Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 3a

Gibelean ikusten den eraikin hori da Leitzako geltoki zaharra. Agerian dago ez dagoela egoera onean. TTIPI TTAPA

299.922 euroko gastua onartu du Kultura eta Turismo Departamentuak

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak Leitzako geltokiko eraikina konponduko du. Hala jakinarazi du gaur ohar bidez. Egitura guztiz zaharberrituko dute: solairu eta teilatua konpondu eta paretetako zuloak estaliko dira. Lan hauek egiteko 299.922 euroko aurrekontua onartu du, eta kontratua sinatzen denetik hasita hiru hilabeteko epea izanen da obrak egiteko. Gisa berean, aipatu, egitasmoaren helburua, Plazaolako Bide Berdea osatu eta bultzatzea dela, eta hartara, eskualdeko turismoa indartzea.

Solairu berriak egitea aurreikusi da, hormigoizkoak. Horrez gain, pisu batetik bertzera joateko eskailerak ere eraikiko dira. Eraikinari altuera haundiagoa ere emanen zaio, teilatu azpiko pisua hobeki aprobetxatu ahal izateko. Tximini bat ere paratuko dela iragarri dute Gobernutik eta teilatu-hodi eta zorroten berriak ere paratuko omen dira.

Eraikinaren aurrealdean, bertzetik, hautsita dauden ladriloak antzekoekin ordezkatuko dira, eta arotzeriaren ordez aluminioa jarriko da.

Plazaolako trenaren geltokia

Plazaolako trena 1904an sortu zen, Andoain eta Iruña arteko bidea egiteko. Ibilbidean hainbat geldialdi egiten zituen eta horietako bat Leitzan. Garai hartakoa da orain Nafarroako Gobernuaren izenean dagoen geltoki hau ere, baina 1958az geroztik erabili gabe egon ondotik zaharkitua gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun