Antonio Alustiza aresoarra eta bere Txiki zakurrak jaun eta jabe direla berretsi dute aurten ere. Atzo, abuztuak 31, Uharte-Arakilen jokatu zen Nafarroako XLI. Artzain Txakur Lehiaketa, eta bertze urte batez irabazle atera ziren. Atzokoarekin, Alustizak bortzgarren txapela jantzi zuen, hirugarrena Txikirekin. Irabazle atera zen lehenbiziko bi edizioetan Argi zakurra izan zuen ondoan.
Egin beharreko hiru probetan, guztira 301 puntu eskuratu zituzten Alustizak eta Txikik. Alde batetik, hiru minutuko tartean zakurrek obeditzeko duten gaitasuna demostratu behar izan zuten; artaldea biltzeko duten gaitasuna erakusteko sei minutu eduki zituzten eta ardiei egiten dieten tratu ona demostratu behar izan zuten, azkenik. Zortzi artzainek hamar zakur aurkeztu zituzten lehiara, eta denetan Txiki nagusitu zen.
Sariak
Alustizak, trofeoaz gain, 200 euro, txapela, pentsu zakua eta Royal markako guardasola jaso zituen.
Aresoarraren ondotik, Joxe Mari Ixtilart eta Lagun sailkatu ziren; hirugarren Pedro Ansa eta Alai; laugarren Jesus Errazkin eta Hiru; bortzgarren Antonio Uharte eta Lagun; seigarren Jabier Fernandez eta Luna; zazpigarren Joxe Mari Ixtilart eta Xarpa; zortzigarren Josetxo Billabona eta Argi; eta bederatzigarren eta hamargarren, Jorge Oteiza Labri eta Amets zakurrekin, hurrenez hurren.