Indar ikaragarria Amabirjinarena!

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

TTIPI TTAPA

Parranda giro aparta eta une hunkigarriak sei eguneta

«Badik indarra galanki gure Amabirjin honek!». Horixe esaten zuen herritar batek astelehen arratsean zegoen jendetza ikusita. Ba atera kontuak astelehenean harritzeko moduko giroa baldin bazegoen, nolakoa izan zen osteguna, ostirala, eta batez ere, larunbata gauekoa!! Herriaren kokapen «bereziak» edo inguruko eta urrutixeagoko sona handiko jaiak ez dira oztopo gure kale, taberna eta txoznak festazalez betetzeko. Miraria? Ez gara hasiko hemen Amabirjinaren indarra ukatzen, baina garbi dago arrakasta hau ez dela «goitik» heldu den miraria, «behean» egiten den lana baizik. Herriko erakunde guztien bete-beteko parte-hartzear Udalak egiten duen esfortzu ekonomikoa (55.000 euro) gehitzen baldin bazaio, gure festen handitasunaren zergatia aurkituko dugu. Hortxe dago miraria.

Amabirjinak orokorrean hunkigarriak dira goizuetar peto-petoentzat, baina aurten zentzu horretan gailurra jo zen larunbat ilunabarreko Umore Ona dantza taldearen emanaldian. 6 urtetik 46 urte bitarteko 60 herritarrek eskainitako ikuskizunak askoren begiak busti zituen. Gehienek ez zekiten gainera maila horretako talderik herrian bazegoenik ere, orain dela bi urte eskas hasi baitziren lanean laupabost urteko etenaldiaren ondoren. Zoriontzekoa partaide guztien lana, baina eskertzekoa bereziki Elena, Unai, Itsaso,… eta beste hainbeste kolaboratzaileena. Jende askok ez zuen emanaldia ikusterik izan frontoia gainezka zegoelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun