Megalitoen ibilbideak inauguratu dituzte Goizuetan

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 18a

Aitasemegi eta Alkasoaldean bi ibilbide antolatu dira

Goizuetako Megalitoen Ibilbidean inauguratu zuten asteazkenean, abuztuaren 13an. 52.700 euroko inbertsioa egin da ibilbidea hau txukuntzeko eta Leader + programaren proiektua da. Europako dirulaguntzak bideratzen dituen erakunde honek 6.324 euro jarri ditu, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, 30.566 euro eta gainerakoa Goizuetako Udalak. Abuztuaren 13an Errekalkon egin zen inaugurazio ekitaldian Juan Ramon Corpas, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria, Miguel Jose Lekuona Goizuetako alkatea, Luis Garate Cederna-Garalur erakundeko presidentea eta Elena Irigoien erakunde honetako garapen agentea izan ziren.

Kontserbazioa eta interpretazio-ibilbideak

Egitasmo honek bi zati izan ditu: lehenbizikoan, megalitoak kontserbatzeko lanak egin dira, behar bezala lokalizatu eta identifikatu ondotik: bertzetik, bi interpretazio-ibilbide osatu dira, Alkasoaldea eta Aitasemegi inguruetan. Honekin, turismorako baliagarria den produktu bat ere eratu da, Goizuetan egiten den lehenbizikoa. Goizuetako megalito ondarearen barrenean, tumuluak, trikuharriak eta harrespilak daude. 1982an zenbait seinalizazio-lan egin ziren, baina zaharkituak gelditu ziren.

Aitasemegi eta Alkasoaldean

Aitasemegi eta Alkasoaldeko ibilbideak aukeratzekoan, kontuan hartu da inguru horietan daudela hobekien kontserbatutako harrespilak eta horietako askotara autoan ailegatzen ahal dela. Paisai eta ekologia aldetik ere, zoragarriak dira. Aitasemegiko ibilbideak, 33 megalito biltzen ditu 7,7 kilometrotan eta Alkasoaldekoak, bere 8,7 kilometrotan, 55. Ibilbide honetan dago bi ibilbidetako trikuharri bakarra, Añoneakoa, baita Urgaratako harrespil zoragarria ere. Ibilbideak egiteko eta megalitoak txukuntzeko Xabier Taberna goizuetarrak egindako lana ere azpimarratu zuten inaugurazio ekitaldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun