Leitzako udal hirigintza plana onartu zen astelehenean, abuztuaren 4an, ANVren sei zinegotzien eta UPNko bien aldeko botuarekin eta EAren abstentzioarekin. Xabier Zabalo Leitzako alkateak aipatu zuenez, “etxebizitza arloan hiru urrats emango ditugu, horietako bi epe laburrera begira eta bestea epe luzera begira. Lehenik, eta hori da plenoan onartu dena, Landagoikoan Babes Ofizialeko 24 etxebizitza eta tasatutako prezioa duten 16 eraikiko ditugu”. Horretaz gain, herrian dauden etxe hutsen zerrenda bat ere egin nahi dute. Epe luzerako plangintza Landabehekoan eginen litzateke.
EAren ustez “antisoziala” da aldaketa
EAren ustez, ANVk aurkeztu duen udal plangintzaren aldaketa ÷antisoziala” da, lehendik aztertu zen planaren arabera, babes ofizialeko 30 etxebizitza eraiki behar baitziren. ANVk aurkeztutako aldaketa “ezkerrekoa baino eskuineko gobernu batena” dirudi, “etxebizitza gehiago eginen badira ere, babes ofizialekoak gutxiago izanen baitira”. Tasatutako prezioa duten etxebizitzak erosleentzat garestiagoak izanen direla dio EAk.
Lehengo plana ez zela bideragarria dio ANVk
Xabier Zabalo alkateak, bere aldetik, lehengo plana ez dela bideragarria uste du: “Arkitektu batzuekin kontsultatu genuen eta denek hirigintza zama handiegia zuela erantzun ziguten. Plana egiteko ez gara interes partikularretik abiatu, bideragarritasunetik baizik”. Gainera, hau lehenbiziko urratsa besterik ez dela gogorarazi zuen alkateak: “Aurrerago babes ofizialeko etxebizitza gehiago egin nahi ditugu Landabehekoan, baita alokairu sozialeko etxebizitzak ere. Horregatik, ez genuen nahi zonalde batean mota bakarreko etxebizitzak nagusitzea”.
EA eta ANVren arteko eztabaida
Eusko Alkartasunak plana aldatzea presa gehiegirekin egin dela kritikatu du eta horri erantzunez, “gai honen inguruan urtebete daramagu lanean, bilerak egin ditugu eta urrats guziak publikoki eman ditugu” erantzun du Zabalok. EAko Aitor Etxarri zinegotziak garbi utzi nahi izan zuen ez daudela Leitzan etxebizitzak egitearen kontra, nahiz eta ez gustatu udal gobernu taldeak egin duen planteamendua. “Babes ofizialeko etxebizitza gutxiago egingo dira eta hori ez dugu gustoko”. Horregatik, abstentzioaren bidea aukeratu zuen EAk.