Euskal Herriko segalari txapelketa igande honetan, abuztuaren 10ean, jokatuko da Leitzan, eguerdiko 12etatik aurrera, tren geltoki ondoko belagian. Ordubetean, ahalik eta belar kilo gehien ebakitzea izanen da bost segalarien lana.
Jon Kanflanka leitzarra
Nafarroako ordezkari bakarra Jon Kanflanka leitzarra izanen da. Leitzarra lehen aldiz ariko da saio erabakigarrian. 28 urte ditu eta 75 kilo. Aurtengoa laugarren parte-hartzea izango du Euskal Herriko Txapelketan, eta ez da inoiz sailkatu finalerdietarako. 2005ean jokatu zuen lehen txapelketa. Nafarroako Txapelketa hiru aldiz jokatu du, eta hiruretan txapeldunorde izan da David Mariñelarenaren atzetik.
Lau gipuzkoar
Berekin batera lau gipuzkoar ariko dira: Gazteluko Andoni Goikoetxea, Orendaingo Jexuxmari Ormaetxea Urki , Gazteluko Mikel Aranalde eta Baliarraingo Arkaitz Arteaga.
Belardiaren egoerak kezka piztu du
Belardiko belarrak kezka pittin bat sorrarazi du egunotan. Izan ere, ez da belar handia eta ezta pisukoa ere. Astearte arratsaldean, hala ere, ontzat eman zuten belardian izan ziren segalari, ordezkari eta antolatzaileek, tartean Nafarroako Federazioko lehendakari Joxelu Retegi zela eta aipaturiko Leitzako belardi horretan jokatuko da sega txapelketa.
Saio bakarra iazko txapeldunik gabe
Iazko txapelketan Jon Lapazaran nagusitu zen, Oiartzungo Pikoketan; aurten ez da ariko. Iaz kanporaketak jokatu ziren finala jokatu aitzin, baina aurten saio bat jokatuko da soilik, igandekoa, eta horrek erabakiko du 2008ko txapelduna eta sailkapen orokorra.