Kezka sortu du Osasunbideak herria larrialdietako medikurik gabe utzi izanak

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Uztailaren 7an paratu zuten indarrean neurria

Ingurumari hauetan ez omen da Osasunbidearen behar guztiak estaltzeko adinako medikurik. Gurea, eta dirudienez, beste hainbat herri, larrialdietako zerbitzurik gabe uztea ekarri du gabezia honek, eta jakina, egonezina eta kezka nagusitu da herritarrengan.

Goizuetako, Leitzako eta Aresoko alkateak eta hiru herrietako medikuak elkartu ziren berria jakin bezain pronto. Aipatzekoa da, hilaren 7tik indarrean dagoen garrantzi handiko neurri honen berri lau egun lehenago eman zuela Osasunbideak. Aipatutako hiru udalen eta Aranoren jarrera amankomuna omen da arazo honen aurrean: ez dute onartuko inolako aldaketarik osasun zerbitzuan. Beraz, larrialdien eta pediatriaren (hau ere kendu dute) atentzioa hilaren 7a arte zen bezalakoa izatea exijituko diote tinko Nafarroako Gobernuari.

Azken urte hauetan Joxe Jabier Etxeberriak eduki du bere gain Goizuetako eta Aranoko larrialdietako ordu gehienak estaltzeko ardura. Leitzako Osasun Zentroko bi medikuk alde egin dutelako Etxeberria harat eraman du Osasunbideak, eta orain, Leitzatik atenditzen ditu lau herrietako larrialdiak. Neurri hau ez dute gustuko leitzarrek ere, deiren bat dela-eta, medikua Goizuetan edo Aranon baldin badago, zerbitzurik gabe aurkitzen baitira bertan.

Joxe Jabierrek berak ez du uste arazoa berehala konponduko denik. Ttipi-ttapari adierazi zionez, egoera honetara ailegatuko zela begibistan zegoen aspaldian, baina ez du neurririk hartu Iruñak. Mediku falta, daudenen lan baldintza desegokiak… Arrazoi bat baino gehiago elkartu omen dira gauzak dauden bezala egoteko. Beraz, irtenbide errezik ez du ikusten Urrutinekoak. Dena den, ondorengo hiruzpalau hilabeteren barrenean egoera hobetu litekeela uste du Etxeberriak Osasunbidea eta medikuen artean lortzear dauden zenbait akordiori esker.

Bien bitartean, desgraziaren bat gertatzen ez bada, gaitzerdi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun