Konponketa batzuen ondotik udaletxeko erlojua bere tokian jarri dute berriz

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

Udaletxeko ganbaran dagoen makinarekin transmisioa egitea falta da

Udaletxeko ordularia aspaldidanik geldirik egon da. Ez aurrera eta ez atzera, herritarrak plazatik goialdera begiratzean azkar ohartzen ziren orratzek berean zirautela. Baina pasa berri den ikasturtean arazoari konponbidea ematea erabaki zuten Udalekoek. Gauza ederra baita eskumuturrean erlojurik ez eta udaletxe erdian dagoen ordulariari erreparatu eta zein ordu den jakitea.

Eraberritzea behar bezala garatzeko, udal langileez gain, Pedro Joxe Azpirozek ere hartu du parte. Guztien helburua Tiburtzio Donearen jaietarako erlojua behar bezala abian jartzea zen. Badirudi nahia egi bihurtuko dela. Udaletxeko ganbaran dagoen makinarekin oraindik transmisioa egiteke dagoen arren, erlojua jada bere lekuan ezarrita dago. Aurki eginen dute transmisioa eta plazako erloju zaharra betiko ibilbidea egiten hasiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun