Sarriopapel y Celulosa S.A lantegia Leitza eta inguruetako famili askoren ekonomiaren oinarri da, edo famili hauetako subjektu konkretu batzuena: aita eta semea. Emakumeak non gaude? Egun, inposaturiko gizarte patriarkalak sexuen araberako lan banaketa du oinarri. Eta Sarriopapel y Celulosa S.A lantegiak sistemak ezarririko eredu hau sostengatzen du. Datu hauek ez al dute argi erakusten?
Eskulanari dagokionez, 38 emakume eta 267 gizonezko daude lantegian, eta emakumeak kontratatu zituzten azkeneko aldia 1976. urtea izan zen. Geroztik, eta emakumeok bertan lan egiteko prest egon arren, ez digute aukera eman eta egun ere ez digute ematen.
Uda atarian, urtero legez, lantegiaren lan-eskaera igo egiten da, batez ere eskulanerako. Teorian, hau, sekulako aukera litzateke herriko gazteentzat. Baina zoritxarrez teorian geratzen da. Errealitatea bestelakoa da. Gizonezkoak kontratatuko dituzte, azken 32 urteotan bezala, emakumeok itxaron-zerrendetan jarraitu beharko dugu.
Pertsona ororen eskubidea da lan duin baterako sarbidea gizonezko zein emakumezkoengan aukera berdintasunean ematea. Eta honela dio Sarriopapel y Celulosa S.A enpresaren lan-hitzarmen kolektiboak 32.artikuluan, Berdintasuna eta diskriminaziorik eza izenburupean. Enpresa barruan langileak ezin izango dira diskriminatu ideologia, erlijio, arraza, afiliazio politiko eta sindikal, eta abarrengatik. Enpresako lanpostu guztietarako sarbide berdintasunaren printzipioa errespetatuko da, nola gizonezkoentzat ala emakumezkoentzat, inolako diskriminaziorik gabe. Lanposturen bat betetzeko deialdiren bat gertatzean, sexu egoeraren erabateko abstrakzioa egingo da, eskatutako gaitasun profesionalari besterik ez zaio begiratuko.
Arestian aipaturiko datuek, ordea, sinesgarritasun osoa kentzen diete. Ez dugu ahaztu behar, ETT bitartez kontrataturiko langile guztiak ere gizonezkoak direla, uda honetan 22 gizonezko.
Neurri eta jokaera hauek herriko eta inguruetako emakumeen askatasun ekonomikoa baldintzatu dute urte luzeetan eta egun ere modu berean dihardute. Ezin dugu ahaztu errealitate honek emakumeon alor ekonomikoari eragiteaz gain gure egoera pertsonalean eragin zuzena duela. Gauzak horrela, askatasun ekonomikoa urratua dugun momentutik, askatasun indibiduala ere guztiz mugatua dugu emakume gazte zein helduek.
Urteetan lantegian emakumeon presentziari uko egin dioten arren aurrera jo behar dugu. Herriko zein inguruetako emakumeok lantegirako sarbidea eduki dezagun borrokatu behar dugu. Zerrendetan gure izena idatzi eta gure eskubideen alde kalera irteteko garaia da. Egoera honen erantzulea Sarriopapel y Celulosa S.A da, baina egoera hau salatzea denoi dagokigu; herriari! Bazterketari ezetz esateko garaia da! Euskal Herri feminista eraikitze bidean gora emakumeon borroka!!!
Leitzako Bilgune Feminista