Ekainaren 26an zabaldu ziren igerilekuko ateak. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, aurtengoan irekiera beranduago etorri da. Udaberrian izandako euriteek antolatzaileei ez diete gauzak behar bezala garaiz egiten utzi. Belarra mozten edota bestelako prestaketa lanetan hastean arazo ugari eduki dituzte. Aurtengoan ere nahi duen orok bazkide edota bonua egiteko parada izanen du.Bonu hauek haurrei (5-13), gazteei (14-17), helduei (18-65), 65 urtetik gorakoei eta familiei zuzenduak daude. Berrikuntza batzuk ere izanen ditu aurtengo denboraldiak. Batetik, esan, dutxatzeak hiru euroko balioa izanen duela. Bestetik, berriz, eta hau ere berrikuntzatzat hartu behar da, 18:30etik aurrera igerilekura joaten denari gutxiago kobratuko zaio.
Ekitaldi bereziak
Udak aurrera egin ahala, igerilekuetan jai berezi batzuk eginen dira. Hala nola, ur besta uztailaren 18rako dago iragarria. Guraso Elkarteak antolatutako ekitaldia uztailaren 19an eginen da.