Ikurriñaren inguruan eztabaida sortu da berriro Leitzan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 26a

Udaletxean jartzea eskatzen zutenak orain, gehiengoa izanik, ez dutela egiten salatu du Aralarrek

Ikurriñaren aldeko ekimen berri bat ezagutzera eman dute Leitzan etxeetan zabaldu duten orri baten bidez. Bertan Ikurriñak Leitzan izan duen bilakaeraren errepaso labur bat egiten da. Ikurriña berreskuratzeko ekimen guztiak txalogarri eta guztiz aipagarriak dira eta horretan leitzar gehienak ados egon badaitezke ere, idatzi horretan ageri diren zenbait adierazpen ez direla zuzenak uste du Leitzako Aralarrek.

Ikurriña kentzeko sententzia judiziala

Idatziaren arabera, “2005. urtean, Nafarroako Gobernuak, 1981. urtean onartutako ikurren inguruko erabakia praktikan jartzea erabakitzen du beste dekretu baten bidez.” Hau ez dela horrela dio Aralarrek, Nafarroako Gobernuak 2003. urtean 1981ko legeak Ikurriña jarri ahal izateko uzten zuen zirrikitua ezeztatzeko, legea aldatu baitzen. Horren ondorioz zigortu ez zitekeena, ikurriña Udaletxeko balkoian jartzea, zigortu daiteke. Eta lege berri hau da 2005. urtean praktikan jartzea erabakitzen duena, eta ez 1981etakoa. Orriak dioenez, “Ondorioz, garai horretan zegoen alkateak, herriari ezer galdetu gabe eta bere erabakiz; 10 urteren ondoren, Ikurriña kendu zuen herrian ezinegona sortuaz”. Hau gezurra dela dio Aralarrek, alkateak ez baitzuen Ikurriña bere erabakiz kendu. Ikurriña kentzeko sententzia judizial bat heldu zenean, honen berri eman eta zinegotzi guztiak (Larraingoak barne) bi bileretara deitu ondoren, Ikurriña jasotzea erabaki zen Aralar eta EAko zinegotzien aldeko botoekin. Aralarren ustez, ez zen oso erabaki okerra izan, nonbait, “Udal berria eratu zenez geroztik urte bat pasa eta ez baitute atzera bota, nahiz eta gehiengo osoa izan. Egun puntualetan jartzen dutela esanez garbitu nahi dute beren burua. Zergatik ez dute 2005ean hartutako erabakia atzera bota eta erabat jartzen?”.

«Aralarrek ez zuen herri kontsulta zapuztu»

Ikurriñaren Aldeko Taldeak bultzatutako Herri Kontsulta Aralarrek zapuztu zuela dio Leitzan banatutako idatziak, baina Aralarren ustez, hau ere ez zen horrela izan. “Kontsulta bertan behera utzi zutenak Larrain Herri Plataforma, EA eta Ikurriñaren Aldeko Taldea izan ziren, Aralar deitu ez zuten bilera batean”. Aralar ez zegoen ados egin zen galderarekin, ez baitzien Udalean hartutako erabakia defendatzeko aukerarik ematen. Horren aurrean, Aralarrek galdera hari beste erantzun bat ematea erabaki zuen, baliorik gabeko bozaren bidez eta egun batzuk lehenago banatu zituen bere papertxoak, bere erantzun propioarekin. Aralarren erabakiari erantzunez, hiru talde haiek herri kontsulta bertan behera uztea erabaki zuten, herriak informazio objektiboa ez zuela argudiatuz. Aralarren arabera, “berak izan ziren, herriari hitza ukatu ziotenak. Gure erabakia ez bazen zuzena, herriak bozetan adieraziko zuen. Baina aukera hori eman beharrean, herria zuzen aukeratzeko prest ez zegoela erabaki zuten, beste garai batzuk gogora ekarriz”.

«Zergatik ez dute orain ikurriña modu iraunkorrean jartzen?»

Herri kontsultaren aldeko taldeak, kontsulta bertan behera gelditu ondoren, berretsi zuen kontsulta eginen zela, baina oraindik ez da egin. Orain agintean gehiengo osoz daudenak, alkatearen dimisioa eskatu zuten eta beste aldetik udaletxean ikurriña jartzeko mozioa aurkeztu zuten. Gai hau, gaurko agintariek, aurreko legealdian eskatzen zutena eginen balute, azkar moldatuko litzateke, ikurriña jarri eta kitto…gero gerokoak. Horren inguruan zenbait galdera egiten ditu Aralarrek: Zergatik ez dute orain mozio hori aurkezten? Zergatik ez dute ikurriña modu iraunkorrean jartzen? Ez da izanen, guk emandako arrazoiak egiazkoak zirela? Zoritxarrez, denborak arrazoia eman diela uste dute Aralarko kideek: “Lehen ikurriña berehala jartzea eskatzen zutenak, orain jartzen ez badute, zerbaitengatik izanen da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun