Ikurriñaren aldeko ekimen berri bat ezagutzera eman dute Leitzan etxeetan zabaldu duten horri baten bidez.
Bertan Ikurriñak Leitzan izan duen bilakaeraren errepaso labur bat egiten da. Ikurriña berreskuratzeko ekimen guztiak txalogarri eta guztiz aipagarriak dira eta horretan leitzar gehienak ados egon gaitezke. Dena den idatzi horretan, aurreko legealdiari buruzko, zenbait adierazpenak ez dira zuzenak.
“2005. urtean, Nafarroako Gobernuak, 1981. urtean onartutako ikurren inguruko erabakia praktikan jartzea erabakitzen du beste dekretu baten bidez.” Hau ez da horrela. Nafarroako Gobernuak 2003. urtean 1981ko legeak Ikurriña jarri ahal izateko uzten zuen zirrikitua ezeztatzeko, legea aldatzen du. Horren ondorioz zigortu ez zitekeena, hots Ikurriña Udaletxeko balkoian jartzea, zigortu daiteke. Eta lege berri hau da 2005. urtean praktikan jartzea erabakitzen duena, eta ez 1981etakoa.
“Ondorioz, garai horretan zegoen alkateak, herriari ezer galdetu gabe eta bere erabakiz; 10 urteren ondoren, Ikurriña kendu zuen herrian ezinegona sortuaz.” Hau GEZURRA da, alkateak ez baitzuen Ikurriña bere erabakiz kendu. Ikurriña kentzeko sententzia judizial bat heldu zenean, honen berri eman eta zinegotzi guztiak (Larraingoak barne) bi bileretara deitu ondoren, Ikurriña jasotzea erabaki zen Aralar eta EAko zinegotzien aldeko botoekin. Nonbait, ez zen oso erabaki okerra izan. Udal berria eratu zenez geroztik urte bat pasa eta ez baitute atzera bota, nahiz eta gehiengo osoa izan. Egun puntualetan jartzen dutela esanez garbitu nahi dute beren burua. Zergatik ez dute 2005ean hartutako erabakia atzera bota eta erabat jartzen? Gainera, orain ere norbaitek kenduko du, egun puntual horiek pasa ondoren.
“Honen ondorioz, Ikurriñaren Aldeko Taldea sortu zen herrian, Herri Kontsulta egin asmoz. Baina, Aralarren jarrera zela medio, zapuzturik gelditu zen kontsulta hau.” Hau ere ez zen horrela izan. Kontsulta bertan bera utzi zutenak Larrain Herri Plataforma, EA eta Ikurriñaren Aldeko Taldea izan ziren, Aralar deitu ez zuten bilera batean.
Kontsulta honi buruz, Aralarrek argi utzi zuen, kontsulta egiteko egin ziren bilera guztietan, ez zegoela ados egin zen galderarekin, ez baitzigun Udalean hartutako erabakia defendatzeko aukerarik ematen.
Galdera aldatzen saiatu baginen ere, ez omen zegoen beste galdera bat adostu zutena bezain zuzena. Geroago Goizuetan ikusi zen hori ez zela horrela, baina lortu nahi zutena gu defendatzeko aukerarik gabe uztea zen. Horren aurrean, Aralarrek galdera harri beste erantzun bat ematea erabaki zuen, baliorik gabeko bozaren bidez eta egun batzuk lehenago banatu zituen bere papertxoak, bere erantzun propioarekin.
Gure erabakiari erantzunez, hiru talde haiek herri kontsulta bertan bera uztea erabaki zuten, herriak informazio objektiboa ez zuela argudiatuz. Berak izan ziren, herriari hitza ukatu ziotenak. Gure erabakia ez bazen zuzena, herriak bozetan adieraziko zuen.
Baina aukera hori eman beharrean, herria zuzen aukeratzeko prest ez zegoela erabaki zuten, beste garai batzuk gogora ekarriz. Puntu honekin bukatzeko, herri kontsultaren aldeko taldeak, kontsulta bertan behera gelditu ondoren, berretsi zuen kontsulta eginen zela.
Zergatik ez da egin?
Zergatik eta galdera ber berarekin ez da orain egiten Aralar “oztopoa” ez dela? Jo dezagun idatzi honetan aipatu ditugun arrazoiak ez dizkizuela konbentzitzen, jo dezagun ez direla zuzenak, nahiz eta aipatzen duguna, guztiz egia izan.
Horrela izango balitz ere, begiratu dezagun etorkizunari. Ongi dago herriaren babesa bilatzea eta ekimenak antolatzea, baina gai hau udalaren eskuetan dago, baldintzatuta ikurren legearengatik, noski. Udalak baloratu behar ditu ondorio legalak, besterik ez.
Gure ustez, udala babestu behar zen eta horrela eskatu genuen herri kontsultaren paperetan. Orain agintean daudenak, alkatearen dimisioa eskatu zuten eta beste aldetik udaletxean ikurriña jartzeko mozioa aurkeztu zuten. Zergatik ez dute orain mozio hori aurkezten? Gogoratu behar da, orduan mozio hori ez zela onartu, Aralar eta EA abstenitu zirelako. Gai hau, gaurko agintariek, aurreko legealdian eskatzen zutena eginen balute, azkar moldatuko litzateke, ikurriña jarri eta kitto…gero gerokoak, zergatik ez dute ikurriña modu iraunkorrean jartzen? ; ez da izanen, guk emandako arrazoiak egiazkoak zirela? Zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu.
Lehen ikurriña berehala jartzea eskatzen zutenak, orain jartzen ez badute, zerbaitengatik izanen da. Esandakoa. Gauzak argi eta garbi utzi behar dira, gure ustez. Ikurriña berreskuratzeko ekimen guztiak beharrezkoak dira eta alegin horretan leitzar gehienak, ados egon gaitezke. Leitzako Aralarkideak.
Leitzako Aralarkideak