Esku pilotaren txapelik haundienak jabe berria du: Oinatz Bengoetxea, 24 urte abuztuan eginen dituen Leitzako gaztea. Txapelketa guztian lortutako garaipenak ez direla kasulitatearen fruitu izan frogatu zuen ekainaren 15ean Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Sasoi ederrean, hutsik egin gabe, ederki jokatu zuen finaleko partida Abel Barriolaren kontra. 11 tantotan utzi zuen Barriola herrikidea eta txapela janzteko faboritoa.
Asier Gartzia lehengusua eta botilleroa ondoan, defentsan bikain aritu zen Bengoetxea VI.a, eta sotamanoarekin ere nagusitasunez jokatu zuen. Barriolari, berriz, urduritasuna nabaritu zitzaion, eta azken sei finaletan gertatutakoari aitzin ezin eginez. Buru makur eta penatuta atera zen kantxatik.
Edonola ere, bai Oinatz eta bai Abel, biak txapeldunak bailiran hartu zituzten herrian leitzarrek finalaren ondotik. Ongi etorria egin zieten, eta 1.100 bat lagun bildu ziren afarian.