Ekainaren 14an ezin izan zen III. Zaldi Eguna egin. Arrazoi nagusiak ekain hasieran egindako euriteek eragindako egoera eta kamioilarien greba izan ziren. Batez ere eguraldiagatik hartu zen erabakia. Izan ere, maiatz erditik hasi eta ia etenaldirik gabe egin dituen euri jasek Zaldi Eguneko eskenatoki berezi den Inguruartea lokatzez eta urez hornituta utzi dute. Kamioilarien grebak ere, neurri txikiagoan bazen ere, eduki zuen bere zeresana. Zaldiak herrira ekartzeko, iragarrita zegoen zikiro jatea behar bezala kudeatzeko eta bestelako hainbat ekintza burutu ahal izateko kamioiak ezinbestekoak baitira.
Halere, 2006an sortu zen Zaldi Egunak 2008an ere edukiko du presentzia. Plazaola Partzuergoak eta Aurrera Perra Taldeak iragarri dutenaren arabera, irailaren 6an ezarri dute hitzordua.