Herriarteko pilota txapelketako finalerdia jokatuko dute Leitzak eta Uhartek

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 20a

Joaneko partidak ostiral arratseko 19etan hasiko dira Amazabal pilotalekuan

Kirol arloan, esku pilotan, Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finalerdi bat jokatuko dute Leitzak eta Uhartek. Joaneko partida ostiral arratsaldeko 19etatik aurrera jokatzekoak dira Leitzako Amzabal pilotalekuan. Leitzako taldean, alebin mailan, Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Oier Igartua ariko dira, infantil mailan Xabier Jaunarena eta Ander Igartua, jubenil mailan Jon Jaunarena eta Aritz Sagastibeltza eta nagusien mailan, dagoeneko jokatu dute joaneko partida hori. Aimar Lansalot eta Mikel Iriarte leitzarrek 9 eta 22 galdu zuten Uharteko Garralda eta Beroizen kontra.

Sailkapena

Aipatzekoa da A multzoan Irurtzun eta Leitza sailkatu direla finalerdietarako eta B multzoan Burlata eta Uharte. Lehen faseko azken jardunaldian, Donezteberen kontrako partida guziak irabazi behar zituen Leitzak eta horixe egin zuen. Iruña eta Irurtzunen arteko lehia orekatuagoa izan zen. Iruñakoek ere partida guziak irabazi behar zituzten, baina azkenean bakarra irabazi zuten eta beste hiruak Irurtzunek. Gainera, sailkapenean berdinduta gelditu ziren Irurtzun eta Leitza, 16 partidu irabazi eta 8 galduta, baina tantuen aldeari esker, Irurtzun sailkatu zen multzo buru.

Laxoa txapelketan, gibeleratutako partidak jokatuko dira

Bertze aldetik, laxoa txapelketari dagokionez, gibeltuta gelditu diren partidak berreskuratzeko jardunaldia izanen dute aste hondar honetan. Honela, larunbatean, ekainaren 21ean, eguerdiko 12etan Oitz A eta Irurita Bren arteko partida jokatuko da eta arratsaldeko 3etan, Irurita A eta Irurta Bkoen arteko partidari segida emanen zaio. Irurita A 6 eta 3 irabazten ari zela bertan behera gelditu zen partida. B multzoan berriz, Hendaian, Hondarribia eta Oitz Bren arteko partidari segida emanen zaio larunbat goizeko 10:30etan. Oiztarrak 1 eta 3 irabazten ari ziren. Arratsaldeko 5etan, berriz, Hondarribia eta Doneztebe Aren arteko partida jokatuko da eta ordu berean, Doneztebe D eta Oitz Bren arteko partida jokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun