Jazarpen polizialaren kontrako kontzentrazioa eginen da Leitzan ostiral arratsean

ttipi-ttapa 2008ko ekainaren 19a

Hainbat leitzarrek egin dute salaketa. TTIPI TTAPA

Azken hilabeteetako gertaerak salatu ditu herritar talde batek

“Aski da, jazarpen polizialik ez! Utzi pakean Leitza” izenburupean kontzentrazioa eginen da ostiral honetan, ekainaren 20an, arratseko 20:00etatik aurrera Leitzako Lopeneko iturrian.

Guardia Zibilak 100 urte baino gehiago Lesakan

Asteazken arratsaldean, hainbat leitzarrek, Xabier Zabalo alkatea buru zutela, Leitza inguruan Guardia Civil-en eskutik jasaten duten jazarpena eta errepresioa salatu zuten. Leitzan daudenetik 100 urte baino gehiago direla kontuan hartuz erasoen zerrenda luzea dela eta Maxurrenea herritarren nahiaren gainetik okupatua daukatela ahaztu gabe, azken hilabeteetako gertakariak salatu nahi izan dituzte berexiki.

Kontrolak

Hain zuzen, errepide kontrolak ia egunero jartzen dituzte. Horretaz gain, otsaileko arratsalde batean, herri guztiko sarrera-irteeretan kontrolak jarri eta herrian barrena armak eskuan, 20 bat herritar identifikatu zituztela salatu dute. Apirileko goiz batean ere errepikatu zuten jokaera bera. Maiatzaren bukaeran egin zen “NafarRok” kontzertu egunean, berriz, 4 orduz kontrolak jarri zituzten herriko sarrera-irteeretan, ordu luzez erretenituta eduki zituzten kontzertura zetozen edota herrira heldu ziren hainbat eta hainbat lagun, goitik beherako arakaketak jasan zituzten, nikiak eta sudaderak lapurtu zizkieten… “Larriena, hala ere, honako hau izan zen: kontrolean galdeketa ilegalak egin zizkieten Guardia Zibilak hainbati eta, hiruk belarrondokoak ere jaso zituzten. Egun horretan berean ere, Doneztebetik Leitzarako errepidea osotara itxi zuten 6 patrolekin: inork ezin zuen pasa eta, jende ugarik atzera buelta eman zuen edo, kontrola kendu zuten arte ezin izan zuen bere bidea jarraitu.

Etengabeko katea

Leitzar talde honek dioenez, kate honetan ez dago etenik eta, azken egunotan bide beretik dabiltza: “prentsatik jakin dugunez, gazte bati Basakabi inguruan kotxea geldituarazi eta atera, lurrera bota, biluztuarazi eta larrugorritan eduki dute, pistola eskuan zuten “paisanozko batzuk”, ia ordu betez”. Egun honetan Guardia Zibilaren helikopteroak herria inguratu zuen hirutan. Aste horretan kotxe eta jende susmagarria ibili da eta dabil, herriko leku ezberdinetan ordu luzez “egonean” , kotxe barruan 2 pertsona susmagarri, beste kotxe bat txanda egitera etorri arte. Beraz, leitzarrentzat egoera jasanezina bihurtzen ari da; arriskutsua ere badela uste dute, “jarrera bortitza duten hauek armatuta baitabiltza herrian”. Gertaera hauek salatzeaz gain, errepresioa ez dela bidea argi du leitzar talde honek: “Elkarrizketarekin eta euskal herritarron eskubideak onartu eta errespetatuz bakarra gaindituko dugu egun bizi dugun gatazka”. Horregatik, ortziral arratseko 20:00etatik aurrera eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun