Leitzako Zaldiaren Eguna bertan behera gelditu da

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 12a

Nagore Larralde leitzarra, berak hezten duen zaldietako batekin. TTIPI TTAPA

Garraiolarien grebaren eta eguraldi kaxkarraren ondorioz

Leitzan hirugarren urtez egitekoa zen Zaldi Eguna larunbat honetan, ekainaren 14an. Aurrera Perra Taldeak antolatuta, hainbat ekitaldi prestatuak zeuden, baina Plazaola Partzuergo Turistikotik jakinarazi dutenez, “garraiolarien grebaren eta eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera gelditu da”. Zaldi Eguna antolatzen duen Aurrera Perra elkarteari buruz eta, orokorrean, zaldiaren munduari buruz gehiago jakiteko Leitzara hurbildu gara eta Jon Kasares “Kaskamotz” eta Nagore Larralderekin solastu dugu.

Trekaren ezaugarriak

Jon Kasares “Kaskamotz”ek aipatu digunez, zaldia mendian eta pasiotan egoki ibiltzeko sistema da Trek delakoa, berez larunbat goizean Leitzan erakutsi behar zena: “Gure saltsa mendizaletasuna da, baina mendian zaldiz ibilita. Orduan heziketa sartu nahi genuen. Mendian zaldiz ibiltzen gara, baina ataka bat irekitzeko pixko bat atzeraka ibiltzen ikasi, toki estu batean ibiltzen, horrelako trebetasunak… Treka horixe da, trebetasun horiek nola erakutsi zaldiari, gero mendian ibiltzeko behar beharrezkoak direnak”. Zoritxarrez hori ikusteko modurik ez da izanen oraingoz.

Heziketa klase ezberdinak arratsaldez

Arratsaldean hainbat heziketa mota erakusteko asmoa zuten Aurrera Perra elkartekoek. Horietako batean, heziketa naturalean aritzen da Nagore Larralde eta berak eman digu heziketa klase horren berri. “Heziketa naturalean zaldiari erakusten zaio biolentziarik gabe, zaldiaren pentsakera kontuan hartuta. Hiru urtetik aurrera, zaldia edo behorra prest dago ibiltzen hasteko. Eskutara ohitzen jaiotzen denetik hastean ahal zara, baina ibiltzeko fisikoki prestatua egon behar du. Ttikitatik hartzen den zaldi bat askotan gaizki hezten da, asko konsentitzen zaio eta gero zaila da horri buelta ematea. Berdin da zaldia edo behorra izan. Beharbada lan gehiago izanen du zaldi entero batek, gereño batek, bere karakterrarengatik… Hezteko, gehien komeni zaizkigu arabiarrekin nahasita dauden zaldiak, mendian erresistentzia dutelako eta nerbio punttu hori daukatelako”.

Kontuak kontu, asteburu honetan eginen ez bada ere, aurreraxeago Zaldi Eguna egiteko asmoz daude Aurrera Perra elkartekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun