Kantuz hornitutako Aste Kulturala

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 6a

Argazkiak: Naiara GARTZIA TTIPI TTAPA

Artisau azokak eta Bihotz Bakartien Klubak gidatutako Katamalo ikuskizunak eman zieten amaiera aurtengo Aste Kulturalari. XXX. ekitaldia kantua nagusi izan duen edizioa izan da. Lehen asteburuan bederen, Euskal Kantu Topaketa tarteko, euskara eta kantua protagonista izan ziren. Halere, bestelako ekintzetaz gozatzeko parada ere izan zuten herritarrek: Iñigo Txinaurrietak eskainitako Europako eta espainiar estatuko momentuko historiari buruzko hitzaldia, merkataritza librearen inguruan emandako argibideak, euskal jokoen Nafarroa Garaiko kanporaketa... Amaiera emateko 40 artisau baino gehiago eta IV. Eho-ziri topaketara etorritako 110 lagun inguru bildu ziren plazan. Hauekin batera, udaletxeko areto nagusia eta haurrentzat egokituta dagoen aretoa ere jendearen arreta iturri izan ziren. Izan ere, aste osoan hainbat erakusketa ikusgai eduki arren, herritar eta bisitariek azken eguna aprobetxatu zuten Maite Biurrarenaren lanak, aurtengo ihoteetan atsauretu direnen txapelak eta beste hainbat objektu eta argazki ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun