Egun handia izanenda igandea. Eskupilotaren historian hirugarren aldia izanen da eskuz banakako final bat herri bereko bi semek jokatuko dutena. Hortaz, Udalak, Aurrera Kirol Elkarteak eta Barriola eta Bengoetxea VI.aren koadrilak ekitaldiz betetako eguna antolatu dute. Goizean txistulariak herriko karrika eta txokoak doinuz alaitzen ibiliko dira; eguerdi partean Aurrera Pilota Eskolako pilotariak plazan izanen dira eta Incansables txaranga herrian barna.
Denek ezin izanen dute finala frontoian ikusi, eta hori dela eta, Karrapen pantaila erraldoia jarriko da partida ikusi ahal izateko. Hitzordu garrantzitsuaren ostean eta frontoikoak etorri bitartean, txarangak alaituko ditu bazterrak.
Bi pilotariak herrira iristean, ongi etorri berezia eginen zaie. Ondotik, herri afaria izanen da; euria eginez gero, Amazabal pilotalekuan eta bestela, plazan. Hortik aurrera, Incansablesekoak arduratuko dira gauari bizitasuna emateaz.