Historian lehen aldiz, Nafarroako herri bereko bi pilotarik jokatuko dute eskuz banakako final nagusia. Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea, Bengoetxea VI.a, aurrez aurre izanen dira ekainaren 15ean Atano III.ean.
Nafarroako bi herritarren arteko lehen finala baldin bada ere, historiak badu herri bereko bi pilotarien arteko finalen aurrekaririk. 1942an, herri berekoak ez ezik, etxe berekoak aritu ziren: Azkoitiako Mariano eta Jose Mari Juaristi anaiak, Atano III eta VII.
35 urte beranduago, 1977an, Bizkaiako Axpe herriko bi bizilagun aritu ziren elkarren kontra: Roberto Garcia Ariño eta Iñaki Gorostiza.
31 urte pasatu dira, XXI. mendean sarturik eta 2008an, bi leitzarren arteko finala izanen da.
Leitzan besta giroan bizi dira Barriolak Gonzalezen kontrako finalerdia irabazi zuenetik. Bi aste lehenago gauza bera egin zuen Bengoetxeak, Asier Olaizolari finalerdia irabazita.
Orain, Barriolak nahiz Bengoetxeak irabazi, badakite buruz buruko txapela herrian izanen dela. Halere, noski, pilotari bakoitzak bereari eusten dio eta txapelaren bila joanen direla aipatu digute, urte osoan lagun izanagatik, egun horretan kontrario izanen baitira.
Abel Barriola
Abel Barriolarentzat buruz buruko bigarren txapela izanen litzateke, 2002an Belokiri irabazi baitzion finalean, 22 eta 3. Urtebete lehenago finalerdian galdu zuen Beloki beraren kontra, baina lau t’erdiko txapelketan txapeldun izan zen.
2003an finalerdietako ligaxkan sartu zen, baina ez zuen finalerako txartelik lortu. Gero, lesioen ondorioz, Barriolaren gurutz-bidea ailegatu zen. Baina lanean beltz segitu zuen berriz ere goi mailara ailegatzeko itxaropenez. Horixe lortu zuen 2007ko buruz burukoan. Eskaileraren beheko koxkan hasi behar izan zuen, baina bost partida irabazi ondotik finala galdu zuen Olaizola II.aren kontra.
Aurten lan guttiago egin behar izan du finalean sartzeko.
Final-laurdenean sei tantotan utzi zuen Patxi Ruiz. Finalerdian zortzian Gonzalez. Adituen ustez txapela janzteko faborito garbia da. Esperientzia alde du, baina Abelek aipatu digunez, «nere lehenbiziko bi finalak irabazi egin nituen eta ondotik jokatu ditudan bostak, lau t’erdian nahiz buruz buru galdu. Finalak egun bereziak dira eta esperientziak ez du balio. Partida irekia izanen da».
Oinatz Bengoetxea
Afizionatuetan Munduko txapeldun izan ondotik, 18 urte egin berritan Oinatzek profesionaletan debutatu zuenean, inor guttik espero zezakeen hain goiti ailegatzea. Aurrelari ttiki, bizkor, lotsagabe eta argal hark, ordea, bidea egin du profesionaletan. Egia da oraindik ez duela titulurik lortu. Binaka 2005eko finala jokatu eta galdu zuen Belokirekin batera.
Banakako txapelketako lehen bi urtetan, 2004an eta 2005ean, lehenbiziko kanporaketan galdu zuen. 2006an, Agirreri irabazi eta final-zortzirenetan doi-doi galdu zuen Eugiren kontra. Iaz bi koxka gainditu zituen, Eulate eta Leiza, baina Gonzalezen kontra galdu zuen final-laurdenean.
Aurtengoa izan da, dudarik gabe, bere urtea buruz burukoan. Partidarik estuena final-zortzirenetan izan zuen eta 22 eta 20 irabazi zion Leizari. Gero, txapelketako ezusterik handiena eman zuen, gaur egungo txapelduna, Aimar Olaizola, menperatu zuenean. Honela, lehen aldiz finalerdietan sartu zen, baina hori ez zuen aski. Asier Olaizolari ere irabazi eta honela, ekainaren 15ean izanen du bere ibilbideko hitzordurik garrantzitsuena.
22-20 edo 20-22
Biei finalerako pronostikoa eskatu diegu eta ados daude: «22-20». Hori bai, Abelek Barriolak irabaziko duela uste du eta Oinatzek Bengoetxea VI.ak.
Kontuak kontu, irabazten duenak irabazten duela, finaleko pilotariak, jarraitzaileak eta herritarrak, orokorrean, afari batean bilduko dira Leitzako plazan. Denak elkarrekin. Txapelduna txapelarekin kontentu, txapeldunordea, herrikoen animoekin eta lagunaren txapelarekin, tristurak uxatuz.