Institutuetako musika ikasleek azken emanaldia eskaini zuten asteazkenean Leitzan

Aitor AROTZENA 2008ko eka. 5a, 17:26

Musikarekin batera dantza ikuskizuna ere eskaini zuten institutuetako ikasleek. TTIPI TTAPA

Musika aditu ez ezik, koreografia politak ikusgai izan ziren

Asteazkenean, ekainaren 4an, institutuetako azken emanaldia egin zen Leitzako Amazabal pilotalekuan. Autobus gidariek iragarri zuten greba zela eta, bertan behera gertatzeko arriskuan egon zen, baina azkenean eta gehienbat ikasleen zorionerako ospatu zen. Institutu bakoitzeko ikasle eta irakasleak goizean eskolan elkartu, autobusa hartu eta Leitzara joan ziren. Gainerako emanaldietan aipatu dugun moduan ez zuten parte hartu institutu guztietako 1., 3. eta 4. mailako ikasleek. Kasu honetan Leitzakoek bai, baina ez Bera, Doneztebe edo Lekarozkoek. Azken hauen kasuan, soilik 3. eta 4. mailakoak joan ziren Leitzara.

10. urteurrena

Ikuskizun polita eskaini zuten asteazkenean ere eta jende franko hurbildu zen ikustera. 10. urteurren hau ospatzeko modu polita izan dute programa honetan parte hartu duten ikasle eta irakasleek. Soilik erraten ahal dugu Leitzako emanaldia ez zela hain koloretsua izan, ikasleek ez bai zuten bere institutuko kamiseta eramaten, gutxienez, Leitzakoen kasuan eta ikusgarritasuna galdu zuen. Emanaldia modu bizi batean hasi zuten herrikoia den Buhamiak kantarekin. Ondotik, Red Hot Chilli Peppers taldearen “Otherside” jo zuten. Ibon Koteron eta Kepa Junkeraren “Odolaren boza” izan zen segidan eskaini zutena. Tartean, institutuetako musika irakasleak txandatuz zuzendari lana osatu zuten. Emanaldiarekin jarraituz, The Buggles taldearen “Video killed the radio star”, Credence Clearwater Revivalen “Have you ever seen the rain”. Hertzainak taldearen klasiko bat jo zuten segidan “Aitormena”. Polka batekin jarraitu zuten, “Jhon Ryan´s polka” eta bestelako doinuak ere aireratu zituzten “Carmina burana”, “Bok Espok”…The Ramones taldearen doinuak ere entzungai izan ziren eta hain famatu eta arrakastatsua den Antonio Aguilarren “Caballo prieto azabache”.

Denak elkarrekin

Denek elkarrekin egin zuten piezarekin agurtu zituzten aurtengo emanaldiak. Tartean, koreografiendako lekua ere izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun