Nafarroako Kirol jolasetan infantil mailako finala irabazi zuten Olano eta Aldaregia leitzarrek

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 4a

Alebinetan azpitxapeldun izan dira Mikel Sagastibeltza eta Oier Igartua

Joan den larunbatean, maiatzaren 31n, Nafarroako Kirol Jolasetako bi final jokatu zituzten Leitzako Aurrerako bikoteek. Lehen mailako infantiletan, Aurrerako Anartz Olanok eta Joxerra Aldaregiak 18 eta 11 irabazi zioten Uharteko bikoteari Lizarran. Lehen mailako alebinetan, aldiz, Mikel Sagastibeltzak eta Oier Igartuak 18 eta 13 galdu zuten Oberenako bikotearen kontra, Burlatan.

Asteburuko beste emaitzak

Asteburuko beste emaitzei dagokienez, Uharteko txapelketan, infantil mailan 18 eta 8 irabazi zuten Ibai Gil eta Mikel Onsalok. Urretxuko txapelketan, jubenil mailan, 18 eta 4 irabazi zion Jon Jaunarena leitzarrak Ostolazari. Lizarrako txapelketan, infantil mailan, Aldaregia eta Xabier Jaunarena leitzarrek 18 eta 15 irabazi zieten Agirre eta Bernaberi, baina Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 7 eta 18 galdu zuten Gonzalez eta Marinen kontra. Alebinetan ere galdu egin zuten Sagastibeltza eta Gartziarena leitzarrek, 10 eta 18 Larrea eta Mendiaren kontra.

Herriarteko txapelketan, bina partida irabazi zituzten Irurtzunek eta Leitzak

Herriarteko pilota txapelketako jardunaldia jokatu zuten larunbatean, maiatzaren 31n, Irurtzun eta Leitzak, Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuan. Alebin mailan, Mikel Sagastibeltza Lasartek eta Oier Igartua leitzarrek 1 eta 18 irabazi zioten Irurtzungo bikoteari. Infantil mailan, Xabier Jaunarena eta Ander Igartua leitzarrek 18 eta 6 galdu zuten. Jubeniletan, Aritz Sagastibeltza eta Jon Jaunarena leitzarrek 16 eta 22 irabazi zuten eta nagusien kategorian, 22 eta 14 galdu zuten Aimar Lansalot eta Mikel Iriarte leitzarrek. Beraz, bina partida irabazi zuten, baina 3 tantuen aldea izan zuten leitzarrek.

Ostegun arratsaldean, Iruñaren kontrako jardunaldia Amazabalen

Herriarteko pilota txapelketako jardunaldia jokatuko dute ostegun arratsaldeko 18:30etik aurrera Leitzak eta Iruñak Amazabal pilotalekuan. Alebin mailan, Leitzako Mikel Sagastibeltza Lasarte eta Oier Igartua, Iruñeko Espinal eta Anduezaren kontra ariko dira. Infantil mailan, Leitzako Xabier Jaunarenak eta Ander Igartuak, Iruñeko Jaunena eta Larraia izanen dute arerio. Jubenil mailan, Ander Aranburu eta Aritz Sagastibeltza leitzarrak eta Iruñeko Etxaide eta Calvo ariko dira nor baino nor eta nagusien kategorian, azkenik, Leitzako Jon Jaunarena eta Mikel Iriarte, Olangua eta Okiñenaren kontra ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun