Igande honetan erabakiko da Oinatz Bengoetxeak zein izanen duen arerio finalean

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 28a, 13:03

TTIPI TTAPA

Bigarren mailako finala jokatuko du Larralde lesakarrak

Oinatz Bengoetxea leitzarrak jokatuko du Esku Pilota Enpresen Ligak antolatutako buruz buruko pilota txapelketa nagusiaren finala. Finalerdietan, Asier Olaizola goizuetarraren kontra jokatutako partida gogorrean 22 eta 16 irabazi ondotik lortu zuen finalerako txartela.Bientzat lehen finalerdia zen eta bien helburua, lehen aldiz finalean izatea zen. Lehenbiziko tantuak Olaizolaren alde erori baziren ere, azkenean, garaipena Leitzara joan zen.

Finaleko arerioa zein izanen duen, ordea, oraindik erabaki gabe dago. Abel Barriola leitzarrak eta Sebastien Gonzalez azkaindarrak jokatu beharreko finalerdia astebete atzeratu zuten, lapurtarraren lesioaren ondorioz, eta igande honetan, ekainak 1, jokatuko da. Finala ere gibeleratua etorriko da, beraz, ekainaren 15ean izanen da.

Bigarren mailan Larralde

Bigarren mailako buruz buruko txapelketan ere eskualdeko ordezkaria izanen dugu finalean. Iñaki Larralde lesakarrak 22 eta 8 irabazi zion Urrizelkiri eta arazo haundirik gabe lortu zuen finalerako txartela. Finala heldu den larunbatean, ekainak 7, jokatuko du Amorebietako pilotalekuan, Julen Retegiren kontra. Honek Iker Arretxe gainditu zuen finalerdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun