Laxaro Salaberria ibiltariak maiatzaren 6an jo zuen Conpostelako Santiago bosgarren aldiz, 28 egun lehenago Sevillatik aterata. Oinez, jakina. 1.025 kilometro daude bi hirien artean. Beraz, bataz beste egunean 36 kilometro egin zituen Labeko mutilak. Orain dela 10 urte egin zuen Laxarok Santiagoko bidea lehenengo aldiz. Orreagatik atera zen orduan eta 15 egun igaro orduko Galiziako hiri horretako katedralaren aurrean zegoen. Handik bi urtetara, 2000an markak hautsi zituen, Donibane Garazitik Santiago bitarteko 750 kilometroak 12 egunez egin baitzituen 65 kilometroko bataz bestekoarekin. Bi urte horietan bere burua ederki probatuta, askoz lasaiago hartu ditu Laxarok ondorengo hiru bidaiak: beste behin Orreagatik, Huescako Somportetik (800 kilometro eta 26 egun) eta hasieran aipatutakoa. Levanteko ibilbidea deritzona egin behar omen du hurrengoa, hau da, helmuga berarekin baina Valentziatik aterata.