Udan ez gelditu etxean lemapean Udalak, Euskara Zerbitzuak eta Leitzaldeko Gizarte eta Zerbitzu Mankomunitateak etxeko txikienei zuzendutako tailer batzuk antolatu dituzte. Zehazki, sormen tailerra, gorputz tailerra eta haur txokoa izeneko ekintzak antolatu dituzte. Sormen eta gorputz tailerrak ekainaren 30etik uztailaren 25a bitarte iraungo dute. 5 eta 12 urte bitarteko haur eta gazteei egonen dira zuzenduak. Biak tailerrak izan arren, bakoitzean guztiz desberdinak diren jarduera eta ekintzak burutuko dira. Sormen tailerrean, arkitektura, birziklapena, argia- koloreak- argazkiak eta ipuinak lantzeko asteak antolatu dituzte. Gorputz tailerrean, berriz, olinpiadak, natura-ura, musika-dantza eta zirkoa izendatutako lau aste burutuko dituzte. Hemen ere, bost egunetan guztiz desberdinak izanen diren jarduerak eginen dira. Haur txokoko protagonistak 3 eta 7 urte bitartekoak izanen dira. Gainera, aurreko tailerretan ez bezala, hemen bi asteko iraupena izanen duten hiru txanda osatzea da helburua. Lehenak ekainaren 30etik uztailaren 11ra iraungo luke; bigarrenak uztailaren 14tik 25era eta azkenekoak uztailaren 28tik abuztuaren 8ra. Antolatzaileen arabera, taldeak ez dira oso handiak izango eta izena ematen dutenen arabera, halako programazioa osatuko da. Ondorengo egunetan izena eman duten guztiei egutegiaren programazio zehatza eskainiko zaie.