Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren jardunaldia jokatu zuten joan den ortzegun eta ortziral arratsaldean Leitzak eta Doneztebek Leitzako Amazabal pilotalekuan. Ostegunera aurreratutako jubenil mailako partidan, Leitzako Ander Igartuak eta Jon Jaunarenak 22 eta 4 irabazi zieten Doneztebeko Xabier Carrion eta Gaizka Bendoirori. Ostiralean Elgetako txapelketako partida jokatu behar zuen Jaunarenak eta horregatik aurreratu zen partida. Jubenil mailako partida honen protagonista ere Jaunarena izan zen, berak agindu baitzuen partida osoan. Ostiralean jokatu ziren gainerako hiru partidak, jendez gainezka ageri zen Amazabal pilotalekuan. Alebinetan, Leitzako Mikel Sagastibeltzak eta Ander Gartziarenak aisa irabazi zieten Doneztebeko Javier Saldias eta Josu Mitxeori, 18 eta 2. Partida honetan Mikel Sagastibeltzaren sake zitalak erabaki zuen norgehiagoka.
Infantil eta nagusietan Doneztebe garaile
Infantil mailako norgehiagokan doneztebarrak izan ziren garaile: Irail Zestauk eta Josu Telletxeak 18 eta 10 irabazi zieten Leitzako Xabier Jaunarenari eta Anartz Olanori. Zestauk min egin zuen sakearekin eta Telletxea ere ongi aritu zen gibeleko koadroetan. Leitzako bikotea ez zen gaizki aritu, baina ezin izan zuen partida irabazi. Nagusien kategorian, azkenik, partida borrokatua, orekatua eta emozioz betetakoa izan zen, ikaragarria hitz batean. Lehenbizi leitzarrak, Aritz Sagastibeltza eta Mikel Iriarte 6 eta 0 aurretik jarri ziren, baina Doneztebeko Aritz Anguita eta Joseba Madariagak seina berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera, berdintasuna izan zen nagusi. Lehenik Doneztebeko bikotea aitzindu zen, 10 eta 13, gero leitzarrak 16 eta 13. Leitzarrak 19 eta 14 lehenik eta 21 eta 18 gero irabazten izan ziren, baina ez zuten azken tantua egitea lortu. Doneztebarrek pilota aldatu eta 21 eta 22 irabaztea lortu zuten. Partida handia jokatu zuten lau pilotariek.
Hurrengo jardunaldia
Hurrengo jardunaldian, Doneztebe Iruñaren kontra ariko da Doneztebeko pilotalekuan, larunbat arratsaldean. Leitza berriz, Irurtzunen kontra ariko da. Lau talde hauek multzo berean ari dira Herriarteko pilota txapelketa honetan. Multzoko bi lehenbiziko herriek lortuko dute finalerdietara pasatzea eta borroka handia dago Leitza, Iruña eta Irurtzunen artean. Doneztebek dagoeneko ez du sailkatzeko aukerarik, baina, ortziralean Leitzan egin zuen bezala, epaile lana bete dezake.
Aurrerako beste emaitzak
Nafarroako Kirol Jolasen barrenean zenbait partida jokatu zituzten Aurrerako pilotariek joan den asteburuan. Leitzan, larunbat goizean, lehen mailako infantiletan, Aurrerako Joxerra Aldaregiak eta Mikel Hernandorenak 18 eta 11 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari, baina bigarren mailako kadetetan, Aurrerako Ander Igartuak eta Martin Etxeberriak 13 eta 22 galdu zuten Uharteko bikotearen kontra. Etxetik kanpo, bi partidak galdu zituzten Aurrerako bikoteek. Lehen mailako alebinetan, Mikel Sagastibeltzak eta Oier Igartuak 18 eta 13 galdu zuten Burlatan Zugarraldeko bikotearen kontra eta hirugarren mailako alebinetan, Aurrerako Iker Sagastibeltzak eta Ibai Azurmendik 18 eta 7 galdu zuten Lizarran San Migueleko bikotearen kontra.
Lizarran garaipenak, Elgetan porrota
Beste txapelketetan, Elgetan, 22 urtez beherako kategorian, Aurrerako Jon Jaunarenak 14 eta 22 galdu zuen Amantegiren kontra. Lizarrako txapelketan, berriz, partida jokatu zuten Aurrerako lau bikoteek garaipena lortu zuten. Alebin mailan 18 eta 11 irabazi zuten Asier Gil eta Ander Eskuderok, 18 eta 8 Sagastibeltza Lasarte eta Igartuak eta 18 eta 4 Sagastibelta Egues eta Gartziarenak. Infantil mailan, 18 eta 2 irabazi zuten Aldaregia eta Xabier Jaunarenak.