Euskal Kantarien topaketa eginen da asteburuan Leitzan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 13a

“Nondik gatoz eta nora goaz” lemapean

“Nondik gatoz eta nora goaz” lemapean Euskal Kantarien hirugarren Topaketa Leitzan eginen da asteburu honetan, maiatzaren 17an eta 18an. Egitarau zabala prestatu du Euskal Kantuzaleen Elkarteak.

Anje Duhaldek euskal kantagintzaren historia hitzez eta kantuz

Maiatzaren 17an, larunbatean, goizeko 10:30ean Zinean, Anje Duhalderekin Euskal kantagintzaren historia, hitzez eta kantuz errepasatzeko modua izanen da. Eguerdiko 12:00etan Topaketa izanen da eta 14:00etan bazkaria. Arratsaldeko 16:30ean, Atakabeltzen, kantuak prestatzeko tartea hartuko dute eta arratsaldeko 18:00etan perkusio ikastaroa, Oskar Estangarekin. Arratseko 20:00etan kantu-jira izanen dute eta gaueko 21:30ean afaria.

Igandean mahaingurua Benito Lertxundi eta Gorka Urbizurekin

Maiatzaren 18an, igandean, 10:30ean kantuak prestatzeko tartea hartuko dute partehartzaileek. Eguerdiko 12:30ean zinean, Euskal kantuaren lehena, oraina eta geroari buruz mahai-ingurua eginen da Benito Lertxundi eta Gorka Urbizurekin. Bazkariaren ondotik, arratsaldeko 4etan kantuak prestatzeko tartea hartuko dute. Arratsaldeko 18:00etan Zinean, partehartzaileen emanaldia eta agurra eginen dira.

Izen ematea maiatzaren 14a baino lehen

Topaketa hauetan parte hartu nahi duten kantari berri eta gazteek maiatzaren 14a arte izanen dute izen emateko aukera, Euskal Kantuzaleen Elkartera, 948 144706 telefonora deituz edo Gipuzkoako 943 593302 telefonora. Dena den, jarduera guziak interesa duten guzientzat irekiak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun