Bide Berdeen Eguna arrakastatsua izan zen Leitzan

Utzitako argazkiak 2008ko maiatzaren 6a

Pailazoen emanaldian jende ugari bildu zen Leitzako plazan TTIPI TTAPA

500 lagun baino gehiagok parte hartu zuen ibilaldietan

Ehundaka lagun bildu ziren igandean, maiatzaren 4an, Leitzan ospatu zen Bide Berdeen Egunean. Zazpigarren urtez segidan antolatu du ekitaldi hau Plazaolako Partzuergo Turistikoak, aurtengoan Leitzako Udalaren laguntzarekin. Goiz goizetik, eguraldi goxoa lagun, hainbat txirrindulazale eta oinezko ibili ziren garai bateko Plazaolako trenbidetik. Izan ere, egun honen helburua, garai bateko trenbideak berreskuratzea eta bide berdeak bultzatzea da.

500 ibiltari

Leitzako plaza eta estazio inguruetan antolatutako ibilbideetan parte hartzeko 500 bat lagunek eman zuten izena, antolatzaileen aurreikuspenak gaindituz eta aipatu bezala, bizikletak eta oinak erabili zituzten horretarako. Ibilaldien ondotik, Leitzako plazan bildu zen jendea eta pintxoa eta edariak izan zituzten indarrak berreskuratzeko. Arlo horretan, Zumos Eva, Agrozumos eta Beteluko Ura enpresen laguntza eskertu nahi izan du Plazaola Partzuergoak.

Ikusentzunekoak labaderoan

Eguerdian pailazoen emanaldiarekin gozatu ahal izan zuten txikienek. Adagio soka laukoteak ere musika kontzertu ederra eskaini zuen Karrapean. Berrikuntza gisara, Leitzako labaderoak ere zonaldeari eta herri kiroleri buruzko bi proiekzio hartu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun