Natur Bideen Eguna eginen da maiatzaren 4ean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 29a

Leitzan igandean eginen den Natur Bideen Egunaren kartela. TTIPI TTAPA

Leitzako Udalak eta Plazaola Partzuergoak antolatua

Leitzako Udalak eta Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta, Natur Bideen Eguna eginen da heldu den igandean, maiatzaren 4an Leitzan. Plazaolako natur bidea ezagutzeko ibilbide ezberdinak proposatu dituzte, luzeera eta irteera diferentekoak, baita pailazoen saioa, musika, ikusentzuneakoak eta bertze.

10 eta 14 kilometro arteko ibilbideak

10 eta 14 kilometroko ibilbideak izanen dira aukeran, eta 9:30etik 10:30era bitartean abiatuko dira Leitzako Plazaola Geltokitik. Leitzako Plazatik abiatu eta Uitziko tunela bitarteko ibilbidea ere eginen da eta Lekunberriko geltokitik Leitzako plazarako 14 kilometroak egiteko modua ere izanen da. Horrez gain, eguerdiko 12etan haurrentzako pailazoak eta globoflexia izanen da Leitzako plazan. Ordubatean, Adaggio laukoteak kontzertua eskainiko du. Leitzako plaa ondoan dagoen garbilekuan, herri kirola eta Natur Bidearen inguruko ordu erdiko ikusentzunezkoak eskainiko dira eguerdi partean eta tenore berean, otartekoak eta edaria banatuko zaizkie izena eman duten partehartzaileei.

Informazio guneak

Leitzako Plazaola Geltokian 9etatik 10:30etara eta herriko plazan 9etatik aurrera informazio guneak egongo dira. Hemen ibilbide ezberdinen informazioa emango da partehartzaileen izenak hartuko dira eta opari bat emango zaie. Eguerdian sariak zozketatuko dira.

Uitziko tunela argiztatu gabe

Bizikleta-ibilbideak egin behar dituztenek jakin behar dute Uitziko tunela ez dela argiztatua egongo. Kanpotik inguratzea gomendatu dute antolatzaileek, marra txuriz markatua dagoen ibilbide batetik. 200 metroko desnibela eta 4 kilometroko luzera dauka eta beraz, ez da bizikletaz egiteko gomendatzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun