Asteburu honetan ospatuko da Txino auzoko festa

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Era guztietako ekitaldiak izanen dira, tartean Sombras de Acero talde espainiarraren kontzertua

Mus txapelketa, herri kirolak, herri bazkaria, berbena, kontzertuak… Denetarik du egitarauan asteburu honetan ospatuko den Txino auzoko festaren bosgarren edizioak. Hilaren 3ko jai haundi honi rock talde atzerritar batek emanen dio sofistikazio puntua, Espainiako Soria probintziatik heldu den Sombras de Acerok, hain zuzen.

Antzerki emanaldiak eta Zubiondo tabernako mus txapelketak osatzen dute ostiraleko egitaraua. Larunbatean, berriz, 12:00etan botako den txupinazoak lehertuko du festa. Ondoren, trikitilari eta buruhaundien konpartsaren kalejira hasiko da, eta hauek bukatu orduko Koruak kantatuko du. Goizueta-Hernani gazteen arteko herri kiroletako desafioak hartuko die txanda kantariei.

Gure herriko festa haundi guziei bezala, bazkari herrikoiak emanen dio indarra Txinoko honi ere. Lerro hauek argia ikusten dutenean txartelaren bat egonen da akaso salgai Amaiarenean. Laiotzen berbenak eta Txino-Naked taldearen Break Dance emanaldiak osatuko dituzte arratsaldea eta ilunabarra. Afalondoa musika gogorragoarentzat erreserbatu dute antolatzaileek. Rock kontzertua iragarri da arratseko 12etarako goian aipatutako Sombras de Acero eta herriko Deus taldeekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun