Goizuetako suhiltzaile boluntarioen parkearen zabaltze lanen inaugurazioa egin zuen asteazken arratsaldean Javier Caballero Martinezek, Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak. Zabaltze lanak 2005garren urtean hasi ziren eta 307.000 euro inguruko inbertsioa egin da.
Kamioi berria ere
Parkea zabaltzeaz gain, kamioi berria ere eskuratu dute Goizuetako suhiltzaileek. Kamioi honetan 39.219 euroko inbertsioa egin dute Iruñetik eta Goizuetako Udalak ere lagundu du.
Inbertsioa hiru urtez
Zabaltze lanei dagokienez, hasieratik zegoen bajerari bi atal berri gehitu zaizkio eta bertan bulegoak eta gela ezberdinak egin dituzte. 2005ean 30.000 euroko inbertsioa egin zen, 2006an 201.100 eurokoa eta 2007an 76.271,10 eurokoa. Joan den urtean, elurra kentzeko eta gatza emateko tresnak erosteko 1.680 euroko dirulaguntza eman zuen Nafarroako Gobernuak eta Aranoko Heineken garagardo enpresak 9.000 euro ordaindu zituen.
25.000 euro urteko mantenimendua
Goizuetako parkearen mantenimendu gastuak urteko 25.000 euro ingurukoak dira. Abudo 25 kagun ariko dira Goizuetako inguruko larrialdietan boluntario gisara laguntzen. Izan ere, Goizuetako 15 lagun ari dira suhiltzaile ikastaroa egiten. Joan den urtean 231 ordu behar izan zituzten suhiltzaileek bere ateraldietan (35 laguntza teknikoetan, 27 herrian edo industrian izandako suteetan, 30 oihan suteetan, 13 bideak garbitzen, 43 parkearen mantenimendu lanetan, 21 salbamendian eta 60 anbulantziako trasladoetan, bertzeak bertze.