Nafarroako Gazte Independentistek antolatuta, datorren apirilaren 26an Gazte NafaRock 2008 Leitzan eginen da. Antolatzaileek apirilaren 3an Iruñean egindako prentsaurrekoan argi esan moduan, ekitaldi orok independentzia eta sozialismoaren alde borrokatzea izanen dute xede. Honekin batera, Nafarroako euskal gazteriak bizi dituen une latz eta deserosoak ere Euskal Herriaren erakusleihoan ezarri nahi dituztela aipatu zen.
Apirilaren 26ko besta hiru zati edota une desberdinetan banatua izanen da. 19:30ean Nafarroako Gazte Independentistak gidari izanen dituen manifestaldi bat eginen da herriko kaleetan. Ondoren, antolatzaile eta gonbidatu batzuekin ekitaldi bat izanen da. Egunari amaiera emateko, berriz, Kiroldegian kontzertu batzuk eginen dira, Sorkun and Vicepresidentes, Etsaiak, Kaotiko, TALCO (Italia) eta Altsasuko Batukada taldeekin.