Norbere enpresa sortzen laguntzeko tailerrak antolatu ditu Cedernak Lekunberrin

TTIPI TTAPA 2008ko api. 8a, 14:39

%100ean subentzionatuak direnez, doanekoak izanen dira

Cederna-Garalur erakundeak norbere enpresa sortzen laguntzeko tailerrak emanen ditu Lekunberriko Mitxausenean. Lehenbiziko tailerrak, zure enpresa sortu nahi al duzu? galderari erantzun nahi dio eta bi zatitan banatuko da. Lehenbizikoa apirilaren 15etik 17ra eginen da, goizeko 9:30etik 13:30era eta hamabi ordu hortena, negozio-ideia nola bilatu aztertuko da. Bigarren zatia 16 ordukoa izanen da, ordutegi berean, apirilaren 21etik 24ra. Eta proiektu berri bati ekiteko norbere gaitasun pertsonalak landuko dira.

Enpresa proiektua nola definitu

Bigarren tailerrak, ongi ezagutzen al duzu abian jarri nahi duzun enpresa? galderari erantzunen dio. Maiatzaren 9, 16, 23 eta 30ean eginen da 9:30etik 13:00etara eta 14 ordu horietan, norbere enpresa proiektua nola definitu eta enpresa bideragarria izan dadin kontuan zer eduki behar den aztertuko da.

Jarduerari hasiera emateko pausoak

Hirugarren tailerra enpresa jarduerari hasiera emateko eman beharreko pausoak izanen da. Egun bakarrean eginean da, ekainaren 2an, goizeko 9:30etik 13:00etara. Hiru ordu terdiz, segitu beharreko izapideak eta norbere enpresa abian jartzeko laguntza tresnak landuko dituzte.

Tailer independienteak eta doanekoak

Aipatzekoa da tailerrak erabat independienteak direla eta ez dela ezinbestekoa guztietara joatea. Gainera, tailerrak doain izanen dira, %100ean subentzionatuak direlako. Informazio gehiagorako eta izen emateko, Oskia Lazkoz-i deitu behar zaio, 948 567010 telefonora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun