Orain aste batzuk, Nafarroako Kutxaren Zuk aukeratu, zuk erabaki ekimenean Udalak proposatutako proiektuei laguntzeko aukera zegoela iragarri genuen. Bada, aurrera atera den proposamena Leitzalarreko gune bereziak kontserbatzearena izan da.
Udalak Aitzmurdiko pagadia eta Izaieta babesteko lanei ekin dio. Aitzmurdiko pagadiari dagokionez esan, urteetan nahikoa utzita egon ostean, bertako pagoak marratu eta babestuko direla. Behin pagoak moztu eta behar bezala ezarrita, Aitzmurdin ibilbide bat egingo da. Izaietan, berriz, duela hamarkada bat hasitako proiektuari luzapena eman zaio. Landare espezie ugariei sendotasun eta interesgune handiago bat emate aldera, zaharkitua geratu den landare espezien iragarpen taula atondu, zubi berriak eraiki, bidexka hobetu eta zuhaitz berriak txertatzeko asmoa dago.
Horrez gain, Leitzalarre osoko zuhaitz, landare, espezie eta gune bereziak babestu eta mantendu nahi dira.