Otsailaren 25eko plenoan 2008ko aurrekontua onartu zuen Udalbatzak aho batez. Ia 1,4 milioi euroko dirusarrerak eta gastuak aurreikusten dituzte Herriko Etxean, 1.374.845 eurokoak, zehatzago esanda. Gastuei gainbegirada emanez, esan dezagun, herriko inbertsioak (301.700 euro), mendietakoak (300.000) eta langileen nominak eta gizarte aseguruak (238.000 euro) direla garrantzitsuenak. Diru sarrerei dagokionean, berriz, urtero bezala aipagarriena menditik heldu dena da, lote ezberdinen salmentarengatik 455.730 euro eta birlandaketa, garbiketa eta abarrengatik Nafarroako Gobernutik beste 195.000 euro jasoko baitira.
Ordenantza berriak
Aurrekontuaz gain, hiru ordenantza ezberdin onartu zituen plenoak otsailaren 25ean, aho batez hauek ere gainera. Batek kanposantuaren erabilera arautzen du, besteak udal retroeskabadorarena, eta hirugarrenak Herriko Etxean ematen eta tramitatzen diren agirien tasak.
Bakoitzaren puntu interesgarrienak aipatuz esanen dugu, adibidez, hilobi bakoitzean paratuko den hilarriak 50 zentimetro zabal eta 60 luze izan beharko dituela gehienez. Tarifak ere arautzen ditu ordenantzak. Horrela, ehorzteagatik 100 euro ordainduko dute herritarrek eta 400 kanpotarrek. Errautsentzat lekua prestatuko denez kanposantuan, honi ere prezioa jarri zaio: herrikoentzat 20 euro eta kanpokoentzat 200.
Hilerriarena ez ezik, puntu askoz osatutakoa da retroeskabadoraren ordenantza. Beraz, prezioen berri bakarrik eman dugu hemen: 122 euro eta erregaia zortzi orduko lanegun bakoitzeko.
Fotokopiak, faxak, ziurtagiriak, konpultsak, ezkontzak, arma txartelak, artxiboaren kontsulta eta beste hainbat zerbitzurengatik ordaindu beharrekoa arautzen du goian aipatutako beste ordenantzak.