Bai Euskal Herriari herri ekimenak ikurrina udaletxean ezarri behar dela berretsi du

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 7a

Hasteko, egun seinalatuetan paratzea proposatu du

Leitzako Bai Euskal Herriari herri ekimenak 2005ean hainbat zeresan sortarazi zuen ikurrinaren afera berriro eskuetan hartzea erabaki du. Euren iritziz, orain arte afera nahiko baztertua egon da eta gutxik ahaztu duten arren, komenigarria da bere garrantzia ematea.

Ekimenaren ildo nagusiak lau puntutan bereiztu dituzte. Helburu nagusiak Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzea, EHNAren bitartez Euskal Naziotasuna bultzatzea, euskal ikurren defentsa eta edozein esparrutako euskal federazioak bultzatzea dira. Une honetan ikurraren defentsari eman nahi dio garrantzia eta ikurrina berriro udaletxean zintzilik ikusi nahi du. Horretarako bi urrats nagusi eman nahi dituzte. Batetik, ikurrina udaletxean tarteka eta egun seinalatuetan paratzea proposatu dute: Tiburtzio Donearen jaietan, ihoteetan, Aberri Egunean, martxoaren 8an... Hauekin batera, euskaldunenak ez diren Hispanitate edota Konstituzioaren Eguna bezalako data seinalatuetan ere ikurrina ezartzea oso garrantzitsua delakoan daude.

Bestetik, herriko eragile desberdinen hausnarketa eta planteamenduak ere garrantzitsutzat jo dituzte, eta eragile bakoitzak ikusten dituen gabezia eta onurak aztertzea ikurrina Udaletxean ikusteko garrantzitsua izan daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun