Saharatik etorritako umeak etxean izandako guraso batzuen testigantza azaltzeko Maria Dolores Sagastibeltza eta Migel Otxotorenaren kasua dugu aipagai. Berauen etxean sartu gara eta duela hamabost bat egun beraiekin egondako Salec aitzaki hartuta galdera sorta luzatu diegu.
Noiztik hartzen dituzue gazte hauek etxean?
Hau laugarren urtea da. Lehenbizikoan bi izan genituen, 17 eta 11 urtekoak. Ondoren Salec eta bera izan da hiru urteotan.
Eta zergatik?
Urte hura gaiztoa izan zen, semea galdu genuen, eta sahararrak ekartzeko bileretan parte hartu genuen. Hasieran ez genekien oso ongi zertan sartzen ginen baina hori izan zen hasiera.
Zer moduz joan da?
Ongi, oso ongi. Baina askotan egon gara mediku zaintzapean. Salec-ekin aurten libratu gara baina aurreko bi urtetan medikutan ibili gara.
Osasun zentrotan zer moduzko tratua izan dute?
Oso ongi. Medikuek ongi hartu dute. Aseguru-etxearekin izandako gora-beherak aipatu beharko genituzke. Hauek beste era bateko tratua eman digute eta ez zaigu batere gustatu.
Hau nork antolatzen du?
Herrian bi lagun dira ardura gehien hartzen dutenak; Lurdes eta Junkal. Antolaketa orokorra Nafarroako “Sahararen aldeko Lagunak” (ANAS) taldeak eramaten du eta oso kexu gara. Beraiekin izan dugun tratua eskasa baino, kaskarra izan dela aipatu behar da. Sahararren eta gurekiko tratua penagarria izan da. Nire ustez, hori guztia aldatu beharko litzateke.
Hona etortzen direnean zein da zuen ardura?
Hona etortzen direnean, osasun eta elikadura gabeziak betetzen saiatzen gara. Eta denbora aurrera doan heinean egoera normaltzen doa eta eguneroko bizitza egiten saiatzen gara. Aurten Izaban eta Orion izan gara egunak pasatzen eta espezial egon gara guztiok. Hala ere, egun batzuk pasa ondoren herrira itzuli nahi izaten dute, hemen baitaude beraiekin etorritakoak.
Eta joaten direnean zer sentitzen duzue? Nola doaz beraiek?
Joaten direnean tristura handia jasotzen da, bi hilabete ondoren badoaz eta. Haiek gustura doaz, familia ikusi nahi dute.
Faltan izaten al dituzte etxekoak?
Aurten hasieran, lehenbiziko egunean, negarrez aurkitu nuen gauean, ea zer gertatzen zitzaion galdetuta, arreba Donostian zegoela erantzun zidan. Ene ustez, halako bidaia egin ondoren nekeak jota zegoela. Gero normal.
Euskaraz hitz egin edo ikasi al du zerbait?
Urtetik urtera gehiago. Hasieran zerbait ulertzen zuen, baina gero hitz egin ere, hitz egiten zuen. Aurten mediku euskalduna egokitu zen eta erdi brometan berak “zer moduz?” galdegin zion eta Salec-ek “oso ongi” erantzun zion. Medikua harriturik, euskaraz jarraitu zion elkarrizketari eta besteak ederki erantzun eta jarraitu zion.
Ikaragarria izan zen.
Urte guzti hauetako anekdota bereziren bat izanen duzue?
Pila bat. Hala ere bada bat sekulan ahaztuko ez zaidana. Lehenbiziko urtea zen, eta iloba baten ezkontza zen larunbat horietako batean. Gure 17 urteko gaztea garbia zen eta dutxatzea gustukoa zuen, baina gorputza gehiegi busti gabe. Ezkontza eguna iritsi zen eta egun hartan bestetan baino gehixeago garbitu behar zuela adierazi nion. Dutxan sartu zen eta denbora pila bat igaro zuen bertan. Hor noizbait atera zen eta erdi negarrez, gorputzean odol arrasto pila bat. Ikaratuta zer gertatu zitzaion galdetu nion. Ez zekiela esan zidan erdi negarrez. Komunera sarrarazi ninduen eta eskutan “piedra pomez” delakoa erakutsi zidan, gorputza horrekin garbitu zuela esanez. Ez nekien par edo negar egin. Ikusi beharra zen nola zegoen bere gorputza. Ondoren, nolabait moldatu behar eta gorputza tiritez josi genion eta horrela festara.
Datorren urtean berriro hartuko duzue baten bat?
Bera bada bai, bestela pentsatuko dugu. Politta da baina gogorra ere bai.