Azkeneko mende erdian gure mendietako errege den insignis pinua Goizuetako paisaiatik desagertu eginen da seguru aski urte gutxiren barrenean. Hurrengo neguan ia 50 Hektarea, 48,28 zehatzago esanda, aldatzeko plangintza egin du Udalak. Zortzi mota ezberdineko milaka landare sartuko dira ondoren aipatuko ditugun parajetan, baina insignisen ondo bat bakarrik ere ez. Lotez-lote aipatuz esan, Urritxabalgo 11,23 Hektareen heren batean larizio pinua landatuko dela; beste heren batean sekuoia, eta bestean lizarra, gereziondoa eta astigarra. Okilegikomakoan, berriz, 6 Hektarea aldatuko dira, erdia sekuoia eta beste erdia lizarra, gereziondoa eta astigarra.
Altzate-Maldamalkor izeneko loteko 22,28 Hektareatik 9,5ean larizioa sartuko da; 4an douglas izeia; beste 4an sekuoia, eta gelditzen diren 4 Hektareatan bestetan bezala, lizarra, gereziondoa eta astigarra. Bi lote hauek aldatzeko lanak Zumaldikarreta enpresari eman dizkio Udalak. Zumarrenean 8,77 Hektarea landatuko dira guztira eta hemen ere larizioa izanen da nagusi, pinu mota hau sartuko baita 6,5 Hektareatan. Gereziondoek, astigarrek, Virginiako tuliperoek eta urkiek osatuko dute herriak bere mutilekin eginen duen landaketa hau. Baso-lan hauen 123.710 euroko aurrekontua Udala eta Nafarroako Gobernuaren artean estaliko dute.