Leitzako saihesbideari beste irtenbide bat ematea eskatu du NABAIko Aitor Etxarrik

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 28a

Zenbait baserri, bide eta lur-eremu partikular hartuko lituzkela dio

Aitor Etxarri, Nafarroa Baiko parlamentariak eta Leitzako udaleko EAko zinegotziak informazioa eskatu dio Nafarroako Gobernuari Leitzako saihesbidearen inguruan. Etxarrik bere kezka agertu du proiektuaren inguruan eta “honela egiteak arazoak ekarriko lituzke, zenbait baserri, bide eta lur-eremu partikularrak hartuko lituzkelako”. Horregatik, Nafarroako Gobernuak proiektuari buruzko informazioa ematea eta zein asmo dituen lehenbailehen publiko egitea eskatu du. Gainera, Nafarroako Gobernuari eta Leitzako udalari, “Leitzako saihesbidearentzat ordezko trazatua bilatzea” eskatu die.

«Ez da proiekturik egokiena»

Nafarroa Bai nahiz EAko udal taldea jakitun omen dira gisa honetako proiektua egitea behar beharrezkoa dela, herrigunetik pasatzen den trafikoari irtenbidea emanen liokeelako, batez ere, bi ikastetxeen ondotik pasatzen diren auto eta kamioi pilari. Baina, Nafarroako Gobernuak gauzatu nahi duen proiektua ez da egokiena, Etxarriren ustez eta “Nafarroa Bai Parlamentutik alternatiba bilatzen” saiatuko dela azpimarratu du. Horrexegatik eskatu dute proiektuari buruzko informazioa, berez, heldu den urtean hasi beharrak baitira lanak eta oraintxe delako alternatiba hobe baten bila lan egiteko tenorea.

Nafarroa Baiko parlamentari leitzarrak lana adjudikatu ote den jakin nahi du eta hala balitz “egin behar diren desjabetzeei buruzko informazioa”. Lanak noiz hasi eta noiz bukatuko diren ere jakin nahi luke Etxarrik, baita lanen eraginei buruzko ikerketa eta Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuak lan honen inguruan egin dituzten ekimenak.

Leitza eta Goizueta arteko errepidea

Beste aldetik, Leitzako gainetik Goizuetara doan NA-4150 errepidea kontserbazio egoera oso ona duela eta bakar-bakarrik ohiko mantentze lanak aurrikusiak daudela adierazi du berriki Nafarroako Gobernuak. Baieztapen hau kritikatu egin du Aitor Etxarrik, bere ustez “asfaltoa zenbait zatitan hondatua dago, bide bazterra hobetu beharra dago eta zabaldu eta zenbait bihurgune oso arriskutsuak direnez, hobetu egin behar dira” Nafarroa Baiko parlamentariak azpimarratu nahi izan du, 2002-2009 urteetako Nafarroako Errepideen bigarren plan zuzentzailean ez dela errepide honetan hobekuntzarik aurrikusten, baina “zati osoaren moldaketa nahitaezkoa da”. Hirugarren Plan Zuzentzailea 2010garren urtera arte hasiko ez dela kontuan hartuz, Nafarroako Gobernuak in situ errepidea ikustea eta bere gabeziak eta beharrak kontuan hartuz zerbait egitea eskatu du Aitor Etxarrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun