Leitzako Udal Haur Eskolaren egoitzara hurbildu gara egunaren saioa amaitu eta gero. Hantxe ikusi ditugu, gurasoak (amak gehienak) umeak beso zabalik hartuta. Hantxe bukatu da eskolako lana haur hauentzat; Hurrengo egun arte! Orduan, laneko mantala kendu aurretik Karmele Lazkano “Auzmendikoa” eta Maxux Sukuntza hezitzaileak hartu ditugu ondoko galdera hauei erantzuteko.
Noiztik sortua da Udal Haur Eskola hau?
Duela 16 urte sortu zen garai hartako Haurtzaindegia. Orduan 3 eta 4 urtekoak hartzen ziren eta hiru irakasle ginen; Arantxa Azpiroz, Maite Barriola eta Karmele Lazkano.
Egun, zenbat zarete?
Orain lau hezitzaile gara, lehendik aipatutako Maxux, Maite eta Karmelez gain, aurten Itziar Altzelai sartu da lan honetan. Hau modulo berri bat sortu delako gertatu da.
Moduloak?
Bai, orain hiru talde ezberdinetan daude antolaturik. Bat 12 hilabete 2 urte bitartekoa. Hemen 12 haur daude eta zuzeneko lan handiagoa eskatzen duenez, bi hezitzaile; Maite eta Itziar. 2 eta hiru urtekoak 30 direnez, Karmele eta Maxuxekin bi modulotan banaturik daude, 16 haur lehenengoan eta 14 bigarrenean. Guztira, 42 haur.
Zein dira Haur Eskolaren helburu nagusiak?
Hiruzpalau helburu dira nagusienak; Haurren arteko sozializazioa, haurraren autonomia, komunikazioa eta zenbait edukitan gutxieneko ezaguera jorratu. Hauen barruan, noski, atal ezberdinak dira lantzen direnak. Honetarako programaketa bat prestatzen dugu.
Programa eredu bakarra al da erkidego guztian?
Ez, ez, ez dago eredu bakarra, gainera gure programa euskaraz da. Hemen Haurtxoa deitzen dena lantzen dugu. Hau hiru urtekoentzat da, baina egokitu egin dugu.
Ordutegirik ba al duzue?
Egunero erritual modura goizeko eta arratsaldeko sarrerak ditugu. Gero gosaria, atsedenaldiak,… baina tartean psikomotrizitate, logika matematikoa, gai-fitxak, plastika… eta horrelako saioak ditugu. 9etatik 13ak arte eta 15etatik 17etara egoten dira egunero.
Hemendik aterata “Eskola Handira” igarotzen dira. Aurretik hona etorri eta etorri ez direnen artean diferentziarik nabaritzen da?
Galdera hau hobe eskolan erantzuten badute, baina nabaritzea normala da. Guk hemen bertan ikasturte bereko hasiera eta bukaeran artean haurren izaeran, portaeran… izugarrizko aldaketa sumatzen dugu. Portaera, komunikazioa, lagunekin konplizitatea, ohiturak, hitz egiterakoan txandak errespetatzea… Giro berezia landu eta bizi izaten da hemen, horrek eragina du. Horrek ez du esan nahi etorri ez direnak atzean geratuko direnik, baina…
Administrazioarekin zer harreman duzue?
Alde batetik Nafar Gobernuko Ongizate Zerbitzuarekin, haien menpe gaudenez, oraingoz edo oraindik, “papeleo” guztia, ikastaroak,… Dena den, esan beharra dago laster batean, Haur Eskolako lehen zikloa 0-3 urte bitartekoak, Hezkuntza Departamentura igaroko dutela eta zerbait aldatuko dela, gure lanpostuen kontratazioetan adibidez, baina oraindik ez dakigu. Beste aldetik Udalarekin dugu harremana eta hemen Hezkuntza Batzorde izendatuta dago, tarteka bilerak egiten ditugu, bertan; irakasleen kontratazioak, diru kontuak…
Une honetan zein dira premiazko eskakizunak?
Hezitzaile gehiago eskatuko genituzke. Ratio ofizialak 16 haur esaten du gela bakoitzeko, baina garbi dago zenbaki horiekin ezin daitekeela ongi funtzionatu, ezin daiteke ailegatu, zaila gertatzen da lortu nahi dugun guztia lortzea,… Hilabete batez Amagoia Bizente izan da praktikak burutzen eta “ikaragarri” lagungarri gertatu da. Oso ongi. Haurrak, bera eta gu ere oso pozik egon gara. Otsailean berriro etorriko da.
Zer esanen zeniokete Haur Eskolan haurra sartzeko dudatan dabilenari?
Begira, hona etortzea osasun fisiko eta mentala zaintzea da. Zer esan nahi dugu? Umea bere adinekoekin izaten dituzten bizipenak ikaragarri esanguratsuak dira. Elkarri ematen eta jasotzen ikasten dute. Bizitza besteekin batera konpartitzen du…
Orduan, joaten ez denentzat zer?
Beno berak bere bizia ongi beteko du baita ere, baina beste umeekin bizi beharrean helduekin biziko da eta hutsune batzuk izanen ditu, ziur aski…