Goizuetako herri ondasunak, komunalak alegia, berreskuratzearen gaineko transakzio hitzarmenaren proposamena begi onez ikusi zuten urriaren 2an udaletxeko batzar aretoa gainezka bete zuten herritarrek. Dena den, herritarren adostasuna ez da nahikoa izanen. Alkateak behin eta berriz esan bezala, Nafarroako Gobernuaren onespenik gabe ez baitu baliorik izanen herrian hitzartutakoak. Udalaren proposamenaren 19 artikuluak toki erakundeen komunalari buruzko erregelamenduan oinarrituak daude. Erregelamenduak arautzen ez duena, partikularrak gelditu ahal izanen duen lurraren portzentaia da. %33a da Udalak Iruñari proposatuko diona, baina Nafarroako mendialdean azken urteotan sinatutako hainbat hitzarmen ikusirik, helburu hau lortzea oso zailtzat jo zuen alkateak. Gai honen inguruan esan behar da, baita ere, 1966an zenbait partikularrek sinatutako hitzarmenaren balioa ez duela Udalak garbi ikusten, akordio hori baliogabetzen duten epaiak eman baitira geroztik.