Udazkena ailegatu bezain pronto 65 urtetik goitikoak Umore Ona elkartearen karta noiz ailegatuko zain egoten dira. Lerro hauek argitaratu orduko 193 heritarrek jakinen dute beraien urteko pestarik haundiena urriko azken asteburuan izanen dela. 102 gizonezkok eta 91 emakumezkok jaso dute gonbidapena. Hilaren 30ean, larunbata, mus eta truke txapelketak jokatuko dira. Igande eguerdian pilota partidak izanen dira, eta ondoren elkartea gainezka beteko dute zaharrek han prestatutako bazkari ederra dastatu asmoz. Irazu eta Legarreta bertsolariak ere herrian izanen dira egun osoan.