Eta etxebizitzak?

TTIPI TTAPA 2008ko otsailaren 27a

Goizueta Bizirik izeneko udal kandidaturaren hauteskunde programan aipamen berezia egiten zitzaion etxebizitzaren arazoari. Babes Ofizialeko etxeak egin zirenetik, orain dela 8-9 urte, laupabost pisu saldu izango dira herrian, eta beste laupabost etxe egin. Herrian deus salgai ez dagoelako kanpoan pisua erositako gazterik zeinek ez du ezagutzen?
Nere kasua kontatuko dizuet. 25-30 urte bitarteko herriko gazte bat naiz. «Plan de Vivienda» delakoan dirua sartzen ari naiz eta etxebizitza baten beharrean nago. Eta garrantzitsuena: Goizuetan bizi nahi dut! Zer egin behar dut? Hernanin erosi herri horretako goizuetarren kolonia gehixeago gizenduz?
Behin eta berriz entzun dugu politika baztertu eta herriko gestiora mugatzea dela korporazio honen asmoa. Urte terdi igaro da Udaletxean sartu zirenetik eta etxebizitzaren gaian behintzat ez dut inolako aurrerapausorik eman denik ikusi. Hil edo biziko gaia da.
Etxebizitzarena ez da herria hustutzearen arrazoi bakarra, baina honen konponketa Udalaren esku dago, eta ez da deus egin ez aurreko legealdian eta ez honetan. Nola mantenduko dugu honela Goizueta Bizirik?

I.I. (Goizueta)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun