Azinda eta Artisau Feria izanen da herrian azaroaren 27an

TTIPI TTAPA 2008ko ots. 26a, 14:44

Antolatzaileek baserritarrez janztera animatu nahi dituzte herritarrak eta feriara agertzen direnak. TTIPI TTAPA

Bazkarirako txartelak salgai eta Larrañaga, Epelde eta Zabale egun guztian

Festa ikaragarria izanen da azaroaren 27koa. Hillabete honen eta abenduaren azkeneko larunbatetan feria egitearen ohitura aspaldikoa zen herrian. Azkeneko urteetan zerriak ziren protagonista bakarrak, baina trikinak bukatu zuen horrekin orain dela 30 bat urte.

Bi data horietatik bat, azaroaren azkeneko larunbatekoa, berreskuratuko da orain, baina lehengo zerrien feriatik egun osoko festa haundira igaroz. Programan agertzen ez den ustekabeko ekitaldi batekin emanen zaio irekiera ofiziala feria egunari. Ordurako beraien lekuetan egonen dira azindak, artisauak, saltzaileak, talogileak, etabar, baita egun osoan herrian izanen diren Larrañaga, Epelde eta Zabale trikitilari ospetsuak ere.

14:30etan hagitz jendetsua izatea espero den herri bazkaria eginen da Lubineko pilotaplazan, eta horretarako txartelak salgai daude Urrutinean eta Amaiarenean. Goizueta Bizirik plataformaren ekimen honek erantzun ederra jaso du Herriko Etxetik, Umoren Ona elkartetik eta kultur taldetik, eta guztien elkarlanari esker eginen da zalantzarik gabe jarraipena izanen duen feria egun hau. Ilunabarrean eta gauean burutuko diren hainbat emanaldi antolatu ditu Gazte Asanbladak ere. Bukatzeko esan, euria eginen balu eskolako frontoian paratuko liratekeela artisauen eta saltzaileen postuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun