Markaz marka dabil Inaxio Perurena leitzarra. Urtezahar Egunean bi eskuekin 290 kiloko harriarekin marka egin bazuen, otsailaren 10ean esku bakarrarekin 230koarekin ahalegindu zen. Baita asmoa bete ere. 230 kiloko harri zilindroa bizkarrean berdindu zuen, marka pertsonala lortuz. Esku bakarreko markei begiratuta, bigarren postuan dago Inaxio, eta aitzinetik bere aita bakarrik du, Iñaki, 267koa jasota. Jasoaldi garbia egin zuen leitzarrak eta gustura geratu zen. «Oso gustura nago. Jasoaldi garbia eman dut, eta hori da garrantzitsua. Halere, plazan etxean gertatzen ez diren gauza asko gertatzen dira, eta gaur harria gerrira ekarri dudanean, irrist egin dit, eta apur bat behera joan zait, baina ongi moldatu naiz», erran zuen.