Mendibil Mendi Taldeak pasa den urtarrilaren 20an ekin zion 2008ko egitarauari. Aurten ere, abendua bitarte txoko eta leku ugari bisitatzeko parada izanen dute mendizaleek. Batzuk Leitzatik nahiko hurbil daudenak izanen dira: Eguzkiko Muñoa, Ipuliño, Ulizar, Kornieta eta Erakurri, adibidez. Beste batzuk, aldiz, Euskal Herriko gune desberdinetan daudenak dira: Aspe Mendia, Ernio, Anboto, Urdaia… Horrez gain, kuota bakarra delakoaren sistema abian jarriko dute. Honen arabera, Mendibilekoek eta Aurrera Kirol Elkartekoek erabateko batasuna izanen dute. Mendi Taldekoak direnak Aurrerakoak ere izanen dira eta ez dituzte bi kuota desberdin ordaindu beharko. Lehen ere Mendibil Aurrerarekin hartu-emanetan zegoen, baina finantziazio kontuak mendi taldeak bere kabuz kudeatu behar izaten zituen. Kulturak ere nahiko garrantzia izanen du. Hala, datorren hilean Barkoxeko Ahargora eginen duten ibilaldian, Zuberoako gune paregabeak ezagutzeaz gain, Arrokiagako Maskarada ikusteko aukera izanen dute. Guraso eta etxeko txikienenek parte hartzeko ateraldiak ere antolatu dituzte. Ibilaldi hauetako asko Leitzatik gertu dauden gunetara bideratuta daude. Nabarmendu, 8 urtetik beheragokoek gurasoak lagun dituztela joan beharko dutela.