Inaxio Perurenak bete zuen bere helburua igandean, otsailaren 10ean, Getxon, eta 230 kiloko harri zilindroa bizkarrean berdindu zuen, marka pertsonala lortuz. Esku bakarreko markei begiratuta, bigarren postuan dago Inaxio, eta aitzinetik bakarrik bere aita du, Iñaki, hain zuzen ere, 267koa jasota. Beharrezko beroketak egin ondotik, 230 kiloko harria prestatu zuen, bere aitaren begiradapean, hura izan baitzuen alboan. Bere burua prest ikusi zuenean, epaileari keinu egin zion, eta honek txistua jo zuenean ekin zion lanari. Harria gerrira ekarri, gerrian buelta eman, eta hiru kolpe eman ondotik, bizkarrean berdindu zuen. Hori guztia egiteko hamazazpi segundo behar izan zituen.
Jasoaldi garbia
Leitzarrak jasoaldi garbia egin zuen. Gustura geratu zen, gainera, jasoaldia egin eta gero, eta berak markatutako bidean bertze urrats bat egin zuen aitzinera. Orain dela hilabete pasatxo bi eskuekin egin zuen marka, eta igandean, berriz, batekin.
«Hasieran irrist egin dit, baina ongi moldatu dut»
Inaxio gustura agertu zen komunikabideen aitzinean emandako azalpanetan: «Oso gustura nago. Jasoaldi garbia eman dut, eta hori da garrantzitsua, balekoa izatea. Hala ere, plazan etxean gertatzen ez diren gauza asko gertatzen dira, eta gaur ere gertatu zait. Harria gerrira ekarri dudanean, irrist egin dit, eta apur bat behera joan zait, baina ongi moldatu dut, eta amaieran jasoaldi ona izan delakoan geratu naiz», esan zuen Leitzako harri-jasotzaile gazteak.