Euskal Herriko txoko gehientsuenetan bezala, Leitzan ere agur esan dute 2008ko ihoteek. Aurtengo ekitaldia hitz batekin definitzekotan, hori «berezia» litzateke. Urtero bezala, lau egunetako jaiak izan eta jendetza andana ibili den arren, igande eguerdian eta astearte arratsaldekoak, oso gutxitan errepikatu ahal izango dira.
Ilbeltzaren 27an, igandean, hainbat karroza eta konpartsa ikusteko parada izan genuen. Iaz bezala, aurtengo jai koloretsuetan ere izan da beste kulturekin hartuemanetan jartzeko aukera. Aipagarrien artean, Txinako bikote berezi batzuk, Afrikaiparraldetik etorritako lagun taldea eta Norvegiako bikingoak. Neguko zeru tristean uso bila zebilen ehiztari koadrila, menditik zuzenenan jaitsitako baserritarrak, istripuz-istripu ibili ziren bi hankatako autoak eta ezein ezustekoren aurrean herriko txokoak zaindu nahian ibili ziren suhiltzaile brigada umoretsu bat ere Leitzako karriketan ibili ziren.
Asteartea, Atsaureen Eguna
Igandeko mozorro festa amaitu eta astelehenean, Gorriztaran eta Leitzalarre ingurua kantuz eta uluz alaitu ostean, azken asteetan herritarren artean interes handia piztu zuen ihoteetako fenomenoaren txanda iritsi zen: Atsaureak. Urte askoren ondotik, Atsaureen Kalejira berreskuratu zen eta igandean zeuden orotariko mozorroez gaindi, asteartean denak nahikoa berdintsu jantzi eta apaindu ziren. Desberdintasun bakarra, bakoitzak bere burukoari zein soinekoari ezarritako apaingarriak.
Herritar ugari bildu zen, txistulariekin atsauretuta herriari itzulitxoa emateko eta une batzuez bederen, Leitzak denboran atzera egin zuela esan daiteke. Urte asko igaro baitira, halako mozorro eta apaingarriek herria azken aldiz ferekatu zutenetik.